Proposamen berritzailea egin du, aurten, eskualdeko euskara zerbitzu mankomunatuak: kultura garaikidean sakontzeko Beat Eroak egitasmoa martxan jarri du. Lehen edizioko partaideak elkartu zituzten Astigarragako Erribera kulturgunean. Bertan, eskualdeko gazteek beren kantak aurkeztu zituzten jendaurrean, eta entzuleen zein epaimahaiaren botoak aintzat hartuta, Andoaingo gazteek sortutako Laguntasuna abestia izan da irabazlea. Beat Eroak proiektua, Buruntzaldeko 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako rap tailerra eta lehiaketa izan da, helburu nagusia honakoa izanik: euskararen erabilera sustatzea. Letra eta musika sortzeko ekimena eskualdeko sei udalerrietan antolatu da, hots, Andoainen, Urnietan, Usurbilen, Lasarte-Orian, Hernanin eta Astigarragan. Otsailean abiatu eta udalerri bakoitzean bina saio aurrera eraman zituzten: bata, otsailean eta, bestea, martxoan. Lehenengoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin oinarri musikala aukeratu eta rap letrak landu zituzten. Bigarrenean, berriz, Telmo Trenor DJ disko-jartzaile eta ekoizlearen laguntzarekin, landutako oinarri musikalarekin eta osatutako letrekin, kantua sortu eta grabatu zuten.
Saio horien ostean, udalerri bakoitzak bere kanta argitaratu zuen, eta horien arteko irabazlea hautatzeko prozesua abiatu zen. Irabazlea, esan bezala, entzuleen eta epaimahaiaren botoen bidez hautatu dute. Hain zuzen, bozka emateko epea apirilaren 30era arte egon zen zabalik.
Lehen edizioko partaideak
Udalerriz udalerri, talde bakoitzak aukeratutako kantuaren izenburua eta partaideak:
Andoain
'Laguntasuna'
• Partaideak: Irati Hernandez. Euri Zubizarreta, Ekhi Ugalde, Aroa Etxarte, Jare Lizarralde, Malen Torres eta Aiur Garcia.
Urnieta
'Hau da'
• Partaideak: Iker Ramos eta Ramon Grancsa.
Hernani
'Denbora pasa'
• Partaideak: Daren Suso, Liher Arruarte, Axel Mendizabal eta Xabi Martinez.
Astigarraga
'Gazteen bizitza'
• Partaideak: Oier Lobato, Adei Larrañaga, Oier Casado, Markel Ruiz eta Adur Delgado.
Usurbil
'Larunbat gauak'
• Partaideak: Anne Lasa eta Katixa San Millan.
Lasarte-Oria
'Hauek dira'
• Partaideak: Ixone Acuña.
Kantu guztiak YouTuben daude entzungai eta ikusgai. Odei Barroso raperoaren laguntza izan zuten kantuaren sorkuntzan. Eta Telmo Trenor DJarekin batera sortu zuten musika.
Lanketa horien emaitza dira sei abestiak eta guztiak batuta aurki daitezke webgune honetan.
Bertan ageri da kantu bakoitzaren leihotxoa, izan ere, YouTubera igota daude Beat Eroak egitasmoko proposamenak.