Nolakoa izan da emanaldia? Zuen kasuan, biak antzezleak zarete. Ohituta zaudete jendaurrean aurkezpenak egitera ala ez?
Yan Pinto. Bai, baina, hala ere, beti sorrarazten digu urduritasuna.
Enara Dominguez. Hori da. Urduritasuna ez da inoiz galtzen. Baina beharrezkoa da; beti behar da tentsio puntu hori.
Emanaldian, haurrak ez ezik, gurasoak ere egoteak errespetua eman dizue?
E.D. Niri umeek errespetu handiagoa ematen didate. Akatsen bat baldin badago, gurasoak ulerkorragoak izaten dira.
Y.P. Bai, gurasoek badakite egoten, eta ez bazaie gustatzen, ez dute hain argi adieraziko. Umeak naturalagoak dira, eta haien iritzia gehiago adierazten dute.
Antzezle gisa, zein izan da zuen ibilbidea?
Y.P. Duela hiru urte graduatu ginen Bizkaiko Antzerki Ikastegian. Enara antzerkigintzan ibili da, batez ere, eta ni, berriz, ikus-entzunezkoetan. Iaz Goazeneko aurreko ediziorako hartu ninduten, eta horretan aritu nintzen.
Zuen kasuan, rapa gustuko duzue?
Y.P. Bai. Egia da ez dudala asko kontsumitzen, baina asko gustatzen zait abesti batzuetan rap zatiak txertatzen dituztenean.
E.D. Bai. Txapelketak raparen inguruan ikasteko balio izan digu. Izan ere, proposamena jasotzean, raparen inguruko informazioa bilatzen hasi ginen, gaiaren inguruan behar adina jakiteko.
Y.P. Bai, eta informazio horri esker, guk ere gure abesti propioa sortu dugu, eta gaur aurkezteko aukera izan dugu.
Zer iruditu zaizkizue abestiak?
E.D. Oso dinamikoak iruditu zaizkigu, eta nabaritzen da eurek sortu dituztela. Letren bidez, haiek bizitutako esperientziak kontatzen dituzte, eta haien errealitatea islatzen dute.
Y.P. Bai, haien mundua eta pentsamenduak asko islatu dira abestietan. Errimak egiteko laguntza jaso dute, baina haien arrastoa nabari da. Hau da, ez dutela beste batek esandakoa idatzi, baizik eta haiek egin dutela. Musika aldetik laguntza handiagoa behar izan dute, baina asko ikasi dutela uste dut.
Bestalde, kanten artean ere desberdintasun handiak egon dira. Usurbileko bi partaideek, adibidez, rapa kantuarekin uztartu dute. Berezitasun hori asko gustatu zaigu.