Lehendakariz aldatzeak EAJ alderdiaren barruan mugitu duena ikertu du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 21a

Ahoztar Zelaieta, zutik, ikerketa liburuaren nondik norakoak esplikatzen.

Ahoztar Zelaieta Zamakona ikerketa kazetaria hirugarrenez etorri da Lasarte-Oriara. Oraingo honetan 'El Pradalismo. El ocaso de los JoBuBi' liburua aurkeztu du Antonio Mercero aretoan. Imanol Pradalesek, gaur egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakaria denak, Iñigo Urkulluren erreleboa hartzeak EAJren barruan dagoen belaunaldi aldaketa eta botere banaketaren aldaketa landu du Txalaparta argitaletxearekin kaleratu duen lanean. 

Pradalismoa ez da Zelaietak asmatutako termino bat, baizik eta Antonio Mercero aretoan aurkeztu duen liburua prestatzeko egin dituen elkarrizketetan (EAJko militante beteranoekin horietako zenbait) parean zituenek behin eta berriro erabili duten hitza. 2024ko ekainetik Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Imanol Pradalesi egiten dio erreferentzia eta ikerketa kazetariak honela definitu du zer esan nahi duen: "Gustukoen dituen kideak, ez adituenak edo militante onenak, baizik eta bere kuttunenak, berarekin batera igo eta gobernuan sartu dira". Makina bat liburu plazaratu ditu bilbotarrak eta oraingo honetan askorentzat ezezaguna zen pertsona ardura postu horretara iristeak jeltzaleen barruan mugitu duena ikertu du.

Betidanik, "aparatuaren aginduetara"

"Bizkaian ezagunagoa izanda ere, profil baxuko pertsona zen Imanol Pradales eta hori zen abantailetako bat", adierazi du liburuaren egileak. Hori horrela izanik ere, bazuen "handicap" esanguratsu bat: "Bizitza osoa zeramala EAJren aparatuaren aginduetara; berarengan 90. hamarkadan jarri zituzten euren begiak agintariek eta orduan hasi ziren monitorizatzen". 

JoBuBi taldeaz (Jovenes Burukides Bizkainos) hitz egin du gero. "EGI eragileko buruzagitza eskuratu zuten aurrena, EAJkoa gero; Xabier Arzallus eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari izandakoak baztertu zituzten. Azken hamabi urteetan Iñigo Urkullu izan da euren lider instituzionala, eta aparatuarena, berriz, Andoni Ortuzar. Berak inposatu zuen Imanol Pradalesen hautagaitza eta, hortaz, sinesgaitza egiten zuen 'ni ez naiz aparatukoa' errelatoa edota belaunaldi berri baten ordezkaria den kontuarena". Uste hori berresteko beste datu bat eman du: "Jeltzaleek 2007tik gaur egunera arte gauzatu dituen bi prozesu koordinatu zituen gaur egungo lehendakariak: modernizazioarena eta entzuketarena. Konfiantza osoko militantea izan da agintarientzat". 

Pradalesen profila honela laburbildu du ikerketa kazetariak: "EAJren aparatukoa da, kideetako batek inposatutakoa eta jeltzaleen barruko ahulezia baliatu duena, hala nola ustelkeria kasuak edota militantzia bazter batean utzi izana, bere gertuko jendearekin batera gobernura ailegatzeko". Horrekin batera, zehatz-mehatz azaldu ditu Pradalesek emandako urratsak gaur egun duen kargura iritsi arte. Horien artean, 36 urterekin Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu izendatu izana edota gerora erakunde horretako Obren diputatu kargua bete izana. 

Aurkezpen ekitaldira bertaratu zirenek adi entzun zituzten Zelaietaren azalpenak eta galderak egin zizkioten argitaratutakoaren gainean.

Erlazionatuak

Ilargiaren "aurpegi ilunena" ikertu du

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 aza 22 Gizartea

Zaldibarren gertatutakoa argitzeko ikerketa

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 12 Gizartea