Ane Labaka Mayozen hezur berriez mintzatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 11

Argazkia: Lasarte-Oriako Literatur Txokoa

Hilabete honetako ohiko literatur solasaldia aurrera eraman berri du Lasarte-Oriako Literatur Txokoak. Astearte honetan, hilak 10, batu dira Udal Liburutegiko hitzaldi aretoan, eta oraingoan, Ane Labaka Mayozen 'Hezur berriak' liburua izan dute mintzagai. Sortzaile eta idazle lasarteoriatarra taldekideen artean izan da

Iazko martxoan aurkeztu zuen idazle lasarteoriatarrak Hezur Berriak lana; bere lehen poesia bilduma da, eta Susa argitaletxearekin kaleratu du. 
 
Haurdunaldi betean eta umearen lehen hilabeteetan kokatutako 49 olerki jaso ditu aipatu lan horretan, eta bi atal nagusitan banatu du: Aurrea eta Ondoa, egilearen haurraren jaiotzak banatutakoak. Amatu aurretik eta ostean sentitu eta bizitako beldur, ilusio, erru, neke eta presio sozialei hitzak jarri dizkie Labakak, eta hortaz guztiaz aritu da hil honetako saiora joandakoekin. 
 
Hurrengo hitzordua, apirilean
Literatur txokoko kideek jakinarazi dute apirilaren 14an izango dela hurrengo solasaldia. Truman Capote-k idatzitako eta Xabier Olarrak itzulitako Odol hotzean lana izango dite hizpide. Ohi bezala 18:30ean izango da hitzordua, Udal Liburutegiko lehenengo gelan. 
Hori horrela, herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu literatur txokoak. Kideek oroitarazi dute herritar orori irekia den taldea dela, eta ez dela ezinbestekoa zehaztutako hitzordurako liburua oso-osorik irakurrita izatea.