Hilabete honetan ikusgarritasun nabarmena hartzen badu ere, Emakumearen Nazioarteko Eguna "urteko 365 egunetan zehar" ospatzeko eta aldarrikatzeko kontua dela azpimarratu du udaleko Gizarte Zerbitzuak saileko buru Lourdes Acevedok. "Oxala egunen batean ekimenak antolatzeari uzten badiogu; esan nahiko du generoen arteko benetako berdintasuna erdietsi dugula". Hori oraindik horrela ez denez, ia apiril hasierara arte luzatuko den egitaraua aurkeztu du Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroan, beste zenbait udal ordezkari alboan izan dituela: Hezkuntza saileko zinegotzi Maite Iglesias, Berdintasun teknikari Izaskun Rodriguez Elkoro eta Agustin Valdivia alkatea.
Programako ekimenak banan-banan azaldu baino lehen, Berdintasun teknikariak hartu du hitza, aurtengo berrikuntza nabarmenena den Itsaspeko Bihotzak egitasmoari buruz hitz egiteko. "Galtzagorri elkarteak diseinatutako ibilbide artistiko-pedagogikoa" dela eta hezkidetzan oinarrituta dagoela zehaztu du. Hilaren 10etik 16ra euskarazko haur literaturako zenbait saiotan parte hartuko dute herriko ikastetxeetako ikasleek, horren bidez genero berdintasuna lantzeko. Horrez gain, hilaren 16ean bertan 5 eta 8 urte artean dituzten haurren familientzako topaketa berezia egingo dute Udal Liburutegian, 17:00etatik 18:30era. Jakinarazi du beharrezkoa dela aurretik izena ematea eta 14a izango dela horretarako azken eguna. Interesa dutenek liburutegikoengana jo behar dute, bi bide hauetako baten bidez: 943-37 61 81 telefono zenbakia edo liburutegia@lasarte-oria.eus helbide elektronikoa.
Horrekin batera, Rodriguez Elkorok nabarmendu du "transbertsala" izan behar duela feminismoak, hau da, "esparru eta sail guztietatik" jorratu beharrekoa. Martxoaren 8ra begira programazio "anitza eta zabala" prestatu dutela eta udalerriko zenbait eragileren nahiz erakunderen lankidetzarekin ondu dutela gehitu du.
Alkateak, berriz, herritarrak sentsibilizatzearen garrantzia jarri du mahai gainean eta azpimarratu du "adin tarte guztietako bizilagunentzako" ekimenak prestatu dituztela.
Egitaraua
Iglesias arduratu da egitaraua iragartzeko kartelean bildu dituzten ekimenen gaineko azalpenak emateaz:
Hilaren 2tik 10era (bi egunak barne)
- Datorren urteko Martxoaren 8a iragartzeko kartelen lehiaketako lanak ikusgai jarri dituzte emakumearen zentroan.
Hilak 8, igandea
- 12:00etan, Okendo plazan, elkarretaratzea.
- 12:30ean, Antonio Mercero aretoan, Zero Sette Akordeoi Orkestraren kontzertua.
Hilak 10, asteartea
- 18:00etan, Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroan, kartel lehiaketako sari banaketa.
- 18:30ean, kultur etxeko hitzaldi aretoan, Hezur berriak poesia liburua aurkeztuko du Ane Labaka Mayoz idazle herritarrak. Literatur txokoko kideekin lankidetzan antolatutako egitasmoa da eta bertako dinamizatzaile Aintzane Usandizagak gidatuko du saioa.
Hilak 11, asteazkena
- 17:00etan, Biyak Bat egoitzan, Un asunto de género filma emango dute. Ondoren, solasaldia egingo dute.
Hilak 16, astelehena
- 17:00etan, Udal Liburutegian, Itsaspeko Bihotzak egitasmoaren barruko saioa egingo dute 5 eta 8 urte arteko haurrak dituzten familientzat, euskaraz. Parte hartu nahi dutenek 14a baino lehen izena eman behar dute.
Hilak 20, ostirala
- 20:00etan, kultur etxeko auditorioan, La chica zurda filma emango dute, Okendo Zinema Taldeko kideekin lankidetzan. Sarrerek 6,10 euro balio dute.
Hilak 27, ostirala
- 19:00etan, kultur etxeko auditorioan, El Legado antzezlanaren emanaldia egingo du El Telon Negro konpainiak. Sarrera doakoa da.
- 21:00etan, Buenetxea kafetegi-tabernan, emakumeen afaria egingo dute. Izena eman nahi dutenek Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentrora joan eta 22 euro ordaindu beharko dituzte.