Bazkalorduan hasi du jardunaldia aSUnak talde feministak. Jalgin elkartuta, marianitada eta DJ turKak girotu du martxoaren 8aren harira antolatutako lehen emanaldia. Orotariko doinuak bidelagun izan dituztelarik, jende mordoa elkartu da, kafe antzokian. Ederki pasa dute dantzan eta poteatzen herrikideen artean. Jarraian, bazkari autogestionatuaren txanda ailegatu da. Norberak erabaki du zer jan. Batzuk ogitartekoa izan dute, menuan. Besteek dantzan jarraitu dute, eta hori izan dute askari.
Dantzak dantza, musikak arratsalderaino jarraitu die. Izan ere, trikipoteoan aritu dira, bazkalostean. Euskal kantutegiko doinu klasikoekin alai jardun dira fandangoa zein arin-arina dantzatzen. Abesti garaikideagoekin disfrutatzeko aukera ere izan dute.
Musikarekin biziberrituta, manifestazio jendetsuari ekin diote. Abiapuntua Okendo plaza izan dute. Pankartan, mezu argia: "Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka". Herriko erdigunean zehar egin dute martxa, eta enparantza berean amaitu. Manifestazioarekin amaitzeko, testu bat leitu dute. Beste mundu eta gizartea aldarrikatu dute; transfeminista, antifaxista, antikolonialista eta antiklasista, eta horretarako feminismoa bideetako bat dela gaineratu. Era berean, jakinarazi dute ez direla "ixilik" geratuko, eta soberan dituztela arrazoiak kalera irtetzeko. Finean, egun, diskurtso eta jokabide erreakzionarioak normalizatzen ari direla arrazoitu dute. Era berean, aintzat hartu dute "ustezko feminismoarenpean" indarkeria eta askotariko zapalkuntza eragiten dihardutela zenbait taldek. Euren arabera, min hori "sinbolikoki eta materialki" sortzen ari dira, besteak beste, "etxebizitza politiketan, baloratugabeko enpleguetan, ikusezinak diren lan prekarizatuetan". Sistema, jakin, badakite, "zisheteropatriarkala, koloniala, arrazista eta kapitalista dela" eta arazo horiek denak "uztartuta" daudela. Horregatik, hilaren 17ko grebarekin bat egiteko deia egin dute, mundu berri horren eraikuntzaren bidean jarraitzeko.
Egunarekin amaitzeko, salsa batxata erritmoan mugitu dituzte oinak eta gerriak, Sagardotegi plazan. Borrokaren askotariko aurpegiak erakutsita, dantzarekin hartu dituzte kaleak aSUnak talde feministako kideek eta lasarteoriatarrek.