Eguerdian bildu dira udaletxeko ordezkariak eta hainbat herritar. Martxoak 8a izanik, zapi moreak zituzten batzuk soinean; kamiseta edo jertse morea jantzi dute beste batzuk. Udaletxearen balkoi azpian ipinita, testua leituz hasi dute bateratzea.
"Irmoki" berretsi dute "emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren eta errealaren aldeko" konpromisoa. Izan ere, "ozen" gaineratu dute "berdintasunik gabe ez dagoela benetako demokraziarik, ezta benetako askatasunik ere indarkeria matxista desagerrarazi arte".
Gizarte "aske eta kohesionatu" baten zutabea dela aldarrikatuta, hainbat egiteko alde lan egingo duela jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalak, besteak beste, "gure udalerrietan eta eskualdeetan taldeak sor daitezen sustatzea diskurtso misogino eta antifemistiei aurre egiteko eta informazioaren hedapena laguntzeko eta tokiko talde feministekin eta eragileekin erresistentzia-aliantzak bultzatzea jarrera antifeministak identifikatzeko eta desmuntatzeko, bizikidetza-espazioetan".
Berdintasuna ez delako ez "aukera" ez "ideologia", baizik eta "babestutako eta errekonozitutako" giza eskubidea, haren aldeko lanean jarraitzeko herritar eta elkarte guztiei hots egin dio udalak.