INDARen sorreratik has gaitezke Mari Mar, ongi iruditzen bazaizu.
Gizarte hezitzailea naiz eta aniztasun funtzionala dut: mugikortasun eta ikusmen urria. Hortaz, gertutik bizi izan dut. INDAR jaio zen hasi nintzenean hitzaldi batzuk ematen gai horri buruz: laguntza pertsonala, klixeak apurtu... Azkenean, pentsatu nuen interesgarriagoa zela elkarte forma ematea proiektuari eta iazko urrian eratu nuen. Aurretik lan egin izan dut gai horiekin eta beste proiektu batzuen sorrera prozesuetan parte hartu izan dut.
Gustatzen ari zaidan horretan guztian ari naiz lanean, besteak beste, aniztasun funtzionala benetan nolakoa den ikusarazten, izan ere, diskurtso ofiziala oso urrun dago errealitatetik.
Zertan, adibidez?
Beste gai askorekin bezala, esandakotik gertatzen denera tarte handia dago. Guri buruz hau diote, adibidez: 'Pentsioa dute eta enplegu zentro berezi batean lana oso erraz lortzen dute'. Bada, toki horietan gutxieneko soldata kobratzen dute langileek eta ez dute kategoriaz igotzeko eta hobetzeko aukera askorik. Gainera, nire esperientzia pertsonaletik, gune askotan ez gaituzte ongi tratatu eta zaintzen.
Gai hori eta beste asko lantzen ari zara 'Un mar de voces incómodas. Género y diversidad funcional' podcastean. INDARen barruko egitasmoetako bat da.
Genero ikuspegiarekin eta intersekzionalitatearekin lan egiten dugu eta hauek dira gure balioak: aniztasuna, inklusioa eta irisgarritasuna. YouTube-ra igo ditugu bost kapitulu dagoeneko: enplegura sartzeko bidea, kapazitismoa, feminismoa edota ugalketarako ez den sexu osasuna jorratu ditugu zenbait gonbidaturekin. Bosgarren atala isildutako sexu indarkeriari buruzkoa izan da [gaur goizean argitaratu dute]; daturik ez egoteak ez du esan nahi existitzen ez denik. Isilduta dago eta ez da babesten edota prebenitzen. Oso harro gaude podcastaz.
"Oso harro gaude 'Un mar de voces incómodas' podcastaz"
Atal are gehiago prestatu eta argitaratuko dituzue? Gai interesgarri ugari izango dituzue oraindik lantzeko...
Bai, hala da. Adibidez, irisgarritasunarena, hiriguneetakoa batez ere, zenbait kasutan oso zaila egiten zaigulako aniztasun funtzionala dugun pertsonoi. Ez da legedia kontua bakarrik, zentzuarena ere bai. Denok ezagutzen ditugu guretzat espreski gordeta dauden aparkaleku batzuekin gertatzen dena, adibidez. Inguruan obretan ari badira ba hondakinak botatzeko kontainerrak jartzen dituzte, edota ibilgailuak toki horietan uzteko baimena ez duten pertsonek aparkatzen dute.
Oro har, gai asko lantzeko asmoa dugu eta podcastaren izenburuari jarraiki, diskurtso ofizialetatik harago doazen errealitateak azaleratuko ditugu gure ikuspuntutik.
INDAReko beste lan ildoetako bat Lasarte-Orian egiten ari zarete, ostiralero, Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroan.
Emakume anitzen komunitate bat sortu dugu, elkarrekin hazteko. Gaur-gaurkoz 30 bat kide gara WhatsApp taldean eta sare polita eratu dugu, astero-astero guztiek saioetara etorri ezin badute ere. 16:00etatik 18:00etara tailerrak egiten ditugu zentroan eta, amaitzean, zerbait hartzera joateko ohitura dugu harremana are gehiago indartzeko. Hitz egiten dugu aniztasun funtzionalaz, adinkeriaz, jatorri desberdinez... Labur esanda, elkartu gara arrazoi ugarigatik baztertuta sentitu garen emakumeak, gure artean esperientziak partekatzeko eta espazio seguru bat sortzeko. Sentitzen dugu edozertaz hitz egin dezakegula gure artean; elkarrekiko konfiantza izan dezakegula.
Saioetarako arau batzuk ezarri ditugu: konfidentzialtasuna, lekukotzekiko eta hitz egiten dutenekiko errespetua izatea... Ez dago emozio on edo txarrik, ez dugu inor aipatuko. Horri lotuta, azpimarratu nahi dut partaideek ez dutela zertan tailerrero hitza hartu behar. Uste dut ni naizela jarduera honetan gehien ikasten ari naizena; istorio harrigarriak dituzten emakume bikainak ditugu. Pena da ekainetik irailera itxita dagoela emakumearen zentroa.
Udako hilabeteetan etenaldia egongo da, beraz.
Bai, eta pena ematen dit, garrantzitsua iruditzen zaidalako ikasturtean sortutako loturari eustea. Eta ez hori bakarrik, tailerretan detektatzen ditugulako emakumeek dituzten beharrak eta, besteak beste, lan orientazioa ematen diegu: laguntzen diegu curriculumak egiten, elkarrizketak prestatzen, Lanbideren aplikazioa erabiltzen... Doakoak diren beste baliabide batzuetara ere bideratzen ditugu. Ez dugu nahi baldintza ekonomiko prekarioetan bizi diren partaideentzako kostua izaterik. Horri lotuta, INDAReko bazkide izatea doakoa da; uste dugu finantzazioak beste nonbaitetik etorri behar duela.
"INDAReko bazkide izatea doakoa da; finantzazioak beste bide batzuetatik etorri behar du"
Hori diozunean, erakundeez ari zara? Nolakoa da zuen egoera?
INDAR jaio zen nire bokaziotik eta baita lan egiteko beharretik ere. Ekintzaile bilakatu nintzen sinesten dudalako egiten ari naizenean, denbora daramat horretan lanean. Nire ezaugarriak dituen pertsona batentzat ez da horren erraza: 50 urte ditut eta lehen esan dizudan bezala mugikortasun nahiz ikusmen urria; begi batetik ikusten dut eta ikusmen gaitasuna % 20koa da. Ba ni gai izan badnaiz egitasmoa eratu eta gidatzeko, posible da erakundeek hori finantzatzea. Horrelakoak abiatzerakoan, norberak sinetsi behar du bere gaitasunengan.
Eta erakustea horrelako proiektuak egitea posible dela.
Coach-a ere banaiz eta ez zait gustatzen 'dena posible da' eta horrelako mezuak ematea, ez delako egia. Faktore askok eragin dezakete. INDARen parte hartzen diren emakumeei laguntzeko gaude, ahal dugun guztian, baina ezinezkoak direnak saldu gabe. 'Denok izan behar dugu zoriontsu eta zu hala sentitzen ez bazara errua zurea da, zure buruari ez diozulako indar nahikoarekin hori esan...'. Ba ez. Askotan ez da erraza hori, ezta? Iruditzen zait hori badela esklabotasun modu bat, kapitalismoarekin eta kapazitismoarekin lotura estua duena. Azken hori da aniztasun funtzionala dugunon etsai handiena. Badirudi uneoro produktiboak izan behar dugula edo bestela ez dugula gizarte honetarako balio.
Horri lotuta, iruditzen zait aniztasun funtzionala dugun pertsonoi esaten digutela askotan 'zuek ezin duzue', eta hori ezeztatzeko kapazak garela erakutsi behar izatearena barruan daramagu. Erakutsi bai, baina kontrolatu ere egin behar dugu, kontua ez da Superwoman-ak garela erakustea, ez dugulako zertan uneoro guzti-guztia egiteko gai izan behar; dagoeneko pisu dezente duten motxiletan arri gehiago sartzea da hori. Hortaz, lagundu bai, baina gure kasuan emakume horiei ematen dizkiegun mezuekin kontuz ibili behar dugu.
Orain arte egin dituzuen saioetan parte hartu duten emakumeek zer esaten dizuete? Nolakoa da beraien 'feedback'-a?
Beno, ba esango nizuke denetik entzun dugula. Konplexuak dira beraien egoerak eta errealitateak: etxebizitza bakar batean bizi diren pertsona ugari, jatorri berdinetakoak... Hitz egiten dugunetan gai berriak identifikatu eta ezagutzen ditugu, hala nola mikromatxismoak, arrazismoa edota kapazitismoa.
Eta zuri zer ematen dizu INDARek?
Asko ematen dit. Gustatzen zaidana egiten dut, asko ikasten ari naiz. Inork ez dit kenduko egunen batean hau finantzatutako proiektua izango denaren ilusioa, hazi egingo denarena. Horri lotuta, aukera gehiago emango dizkigun elkartzeko gune bat behar dugu, udako hilabeteetan ere irekita egongo dena... Azken finean, nahi dut lasarteoriatarrek INDAR ikustea udalerriari balioa ematen dion ekimen baten gisan; senti daitezela harro herri honetan egiten dugulako eta ez beste nonbait.
Gainera, topaketak Lasarte-Orian egitea ez da kasualitatea, tren geltokitik oso gertu dago emakumearen zentroa eta garraiobide hori da aniztasun funtzionala dugun pertsonentzako aproposena. Askoz errazagoa zaigu Euskotren bidez iristea bertara, Renfe-ren bitartez edota autobusa hartuta baino. Tailerretara etortzen diren emakume guztiak ez dira herrikoak. Horregatik diot ederki etorriko litzaigukeela norbanakoek eta erakundeek proiektu hau ezagutzea eta interesa jartzea, aukera gehiago emango dizkigun lokal bat izan dezagun esate baterako. Horrek ere lagunduko digu hazten eta laguntza behar duen jende gehiagorengana heltzen.
Parte hartu nahi dutenak nola jar daitezke zuekin harremanetan?
Dei dezakete 655 74 40 39 telefono zenbakira edo idatz dezakete asociacionindar.eus@gmail.com helbide elektronikora. Aipatu ditudan ezaugarriak dituzten emakume guztiak edo beste edonor izango da ongietorria.
Hilaren 14an hitzaldi bat emango duzue Hernanin, ezta?
Martxoaren 8aren bueltan antolatu dugu Emakumeak eta aniztasun funtzionala hitzaldia, modu asko baitaude emakume izan eta sentitzeko. Horri lotuta, feminismo inklusiboari buruz hitz egingo dut kide batekin, Natalia Petracca coach-arekin batera.
Zer da feminismo inklusiboa?
Emakume guztiak ordezkatuko gaituen feminismoa, aniztasun funtzionala dugun pertsonak ere hartuko dituena. Gertatu izan zait manifestazioren batera joan nahi eta ezin izatea mugikortasun arazoengatik; ekintza horietan zeinu hizkuntza ez erabiltzearena izan daiteke beste adibide bat. Ni feminista naiz baina iruditzen zait mugimendu hori badela kapazitista ere. Orduan, eman diezaiogun buelta bat horri eta azalera ditzagun beste errealitate batzuk, aniztasun funtzionala duten pertsonekiko genero indarkeriari lotutakoak esate baterako.
Zaurgarriak garela baino, urratuak garela esango nuke. Izan ere, ez gaitu gure kondizioak zauritzen, inguruak baizik. Esku artean ditugun datuen arabera lau bider genero indarkeria gehiago pairatzen dugu eta baita familia giroko biolentzia asko ere. Badaude emakumeak aniztasun funtzionala izan eta hazi direnak pentsatuz ez dutela bikoterik topatuko adibidez, edota maitatuak zein desiratuak sentitu ez direnak. Orduan, pentsa bikotea izan bai baina berarengandik tratu txarra jasotzen duen emakume batengan. Berarentzat ez da erraza izango salaketa jartzea, batzuek hau esan izan didate: 'Maite nau eta lortu dut bikotea izatea... Ez da perfektua izango ezta ere'. Tira, perfektua ez izatea gauza bat da, eta edozer onartzea beste bat, hori ez da posible. Alor horretan ere lan asko egiteke dugu eta horrelako egoera gehiago ikusarazi behar ditugu.
Orduan, ba horixe: guztiak izan behar du inklusiboa eta irisgarria, baita feminismoak ere.
"Guztiak izan behar du inklusiboa eta irisgarria, baita feminismoak ere"
Nire aldetik hauxe izan da guztia, Mari Mar. Elkar agurtu aurretik zerbait nabarmendu nahi duzu?
Abenduaren 3an, aniztasun funtzionala duten pertsonen nazioarteko egunean, mahai inguru bat egin genuen sarean, nire izenean dagoen YouTubeko kanalean ikus dezakete interesa dutenek. Zuzenbidean doktore den Nadia Dominguez eta Jaime Burdils soziologoa eta idazlea gonbidatu genituen eta oso-oso saio interesgarria iruditu zitzaidan. Horrelako gehiago egiteko asmoa dugu.