Bizipoza Elkartetik (www.bizipoza.eus) idazten dizuegu eskaera batekin. Zaila egiten ari zaigu zuekiko komunikazioa eta harremana. Elkarlana egin nahi dugu baina ez dugu zuen aldetik borondaterik ikusten.
Joan den ikasturtean herriko ikastetxeekin eta Ttakun Kultur Elkartearekin batera kulturartekotasuna landu genuen. 2024ko urrian udal korporazio osoari gure plangintza aurkeztu genizuen, eta lankidetza eskaini eta eskatu, baina ez dugu lortu. Saiatu arren, bilera hori eta gero elkarrekiko komunikazioa ez da apenas egon eta aurrera eraman ditugun ekimenetan zuen parte hartzea oso sinbolikoa izan da. 2025eko Maiatzean lanketa txukuna egin ondoren Milakultura Eguna antolatu genuen Okendon ehundaka haur, gaztetxo eta helduekin (https://txintxarri.eus/lasarte-oria/1748011284118-kulturartekotasunarentaupadek-ekarri-dute-bizipoza-okendo-plazara). Megafonian eta beste 1.300 euroko gastua izan genuen eta gure poltsikotik ordaindu behar izan genuen.
Azkenean, urtebete pasa ondoren, 2025eko urrian lortu genuen udal gobernuarekin elkartzea. Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi buruarekin eta Ainara Elicechea Kultura batzordeko zinegotzi buruarekin elkartu ginen udaletxean. 2025ean egindakoaren balorazioa eta 2026. urterako plangintza aurkeztu genizkien; kulturartekotasunaren lanketa ikastetxe guztietan, jaialdia Okendon eta Nazioarteko Egun ezberdinen lanketa (haur minbizidunena, Oporrak Bakean eta LGTBIQ+). Lankidetzarako borondatea azpimarratu genuen berriro. Zuen aldetik 2025eko jaian izandako gastuetan laguntzeko hitza eman zeniguten (fakturak pasa genizkizuen gero) eta egitasmo berrietan laguntzeko udal teknikarien informea jaso ondoren horren berri emateko elkarrekin berriro biltzeko konpromisoa adierazi.
Pasa ziren asteak eta zuen berririk ez genuenez urtea amaitu aurretik herriko ikastetxeek mezua helarazi zizueten, ikasturterako plangintza osatu eta aurrera eramateak denbora eskatzen duelako. Urtarrila joan zen, otsaila ere bai. Ez bilerarik ezta erantzun ofizialik ere. Etsita gaude. udalaren lankidetzarik gabe ezingo dugu egitasmo osoa gauzatu, baina
Bizipoza Elkarteak herriko ikastetxeekin eta Ttakunekin batera, iaz bezala, kulturartekotasuna landuko du.
Komunikazioa eta elkarlana behar ditugu, ezinbestekoak dira herrian komunitate osasuntsua eta bizia osatzeko. Horiek izango dira gure iparrorratzak aurrerantzean ere. Zain gaituzue. Nahi duzuen arte!