"Inklusioa eta elkartasuna ardatz, herriko Ostadar Inklusioa, Kumme, Iñurri, Aspanogi, Naizen eta Sahararen aldeko elkarteek eta norbanako boluntarioek osatzen dugu Lasarte-Oriako Bizipoza elkartea. Elkarrekin elkarte guzti hauek lantzen dituzten gaiak gizarteratzea, sensibilizazio lana egitea eta eragitea dugu helburu.
2020, urtean du jatorria taldeak eta ekimen propioak martxan jartzearekin batera herriko ekimenetan ere parte hartu dugu. 2023-2024 ikasturtetik gaur arte ere, Bizipoza foroa dugu sortua: herriko ikastetxeek, Ttakun Kultur elkarteak eta Bizipoza taldeak osatutakoa.
Udalarekin ere elkarlana bideratzea gustatuko litzaiguke, baina zaila izaten ari da bide hau. Beraz, idatzi honen bidez udalarekin zein elkarlan bideratu nahi dugun publiko egin nahi dugu eta Udal Gobernuari elkarlana bideratzeko erantzun bat eskatu nahi diogu.
IKASTETXEEK, TTAKUN KULTUR ELKARTEAK ETA BIZIPOZAK OSATUTAKO FOROA
2023-2024 ikasturtean, lehen aldiz elkarlana bideratu zen Bizipoza taldearen eta herriko ikastetxe guztien artean. Helburua, guztion artean Bizipozako gaiak eta baloreak lantzea izan zen, bidea elkarrekin eginez, elkar koordinatuta eta elkar aberasten.
2024-2025 ikasturtean amankomunean gai bat lantzea adostu zen: kulturartekotasuna. Ikasturte berrian Ttakun Kultur Elkartea ere batu zen elkarlanera, beraz, Bizipozak, ikastetxeek eta Ttakun Kultur Elkarteak osatutako foroa dugu indarrean 2024 urtetik. Herriko errealitatea behatuta jabetzen gara migrazioaren errealitateak badaukala bere eragina eta presentzia herrian. Migrazio hau, badela gure herrirako aukera berri bat ere sentitzen dugu. Baina argi dago erronka honi heltzeko elkarlana, dedikazioa eta bitartekoak behar direla. Horregatik kulturartekotasuna gaiari heltzeko garaian Bizipoza, ikastetxeak, Kumme eta Ttakun elkarrekin ari gara lanean 2025-2026 ikasturtean ere.
UDAL GOBERNUAREKIN BILTZEKO URTEBETE PASA BEHAR IZAN DUGU ESKAERAK EGITEN
Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako zinegotzi guztiei helarazi genien bilera baterako gonbidapena eta 2024 urteko azaroak 25ean bildu ginen guztiok udalean. Bilera honetan gure egitasmoaren eta helburuen berri eman genien, baita hainbat proposamen luzatu ere eta elkarlanerako gonbidapena jarri genuen mahai gainean, gure ustez funtsezkoa baita ikastetxeen, eragileen eta administrazioaren arteko lankidetza gai honetan ere.
Zoritxarrez, zaila izan da Udal gobernua osatzen duten alderdiekin biltzeko bidea. Udaleko ordezkari politiko guztiekin 2024 urteko abenduan bildu ondoren, Udal Gobernutik adierazi zitzaigun Udal Gobernua osatzen duten bi alderdiekin soilik biltzea nahi zutela. Bizipoza taldetik beti adierazi dugu horretarako ere predisposizioa, baina tamalez urtean zehar Bizipoza taldetik bilera hori egiteko saiakerak egin arren, urtebete pasa behar izan da bilera hori egin ahal izateko. Udal Gobernuarekin URTEBETE pasa ondoren biltzeko aukera eman digute, aurtengo azaroan.
UDAL GOBERNUARI LUZATUTAKO ELKARLANERAKO PROPOSAMENA
Herriko 3 ikastetxeek, Ttakun Kultur Elkarteak eta Bizipozak ondorengo elkarlanerako proiektua aurkeztu dugu:
1)LHko HAURREI ETA GURASO GUZTIEI ZUZENDUTAKO SENSIBILIZAZIO SAIOAK
• 40 ikasgela desberdinetan saio bana, bakoitza ordubeteko iraupenekoa.
• Tailer bakoitza kulturarteko dinamika eta elkarrizketan oinarrituko da.
• Gurasoentzako hitzaldi osagarri bat eskainiko da, aniztasunaren inguruko
hausnarketa sustatzeko.
2) NAZIOARTEKO EGUNEN LANKETA
Aspanogi, Naizen eta Oporrak Bakean elkarteen sensibilizazio lana egingo da elkarte bakoitzaren nazioarteko egunarekin lotuta.
3) IKASTURTE AMAIERAKO EKIMENA
Kulturaniztasuna oinarri izanda, Maiatzak 8an herrian egingo dugun ekitaldia. Goizean ikastetxe guztietatako haurrekin eramango da aurrera ekimena. Arratsaldean, Ttakun-eko gazteekin eta Bizipozako elkarteekin eramango da aurrera ekimena.
UDAL GOBERNUARI LUZATZEN DIOGUN ESKAERA
Eragile guztiok (ikastetxe, Ttakun, Bizipoza) Udal Gobernuari eskatu nahi diogu beraien erantzuna lehenbailahen jakinaraztea, ikasturte honetako plangintza egin ahal izateko. Bide batez, elkarlanerako gure predisposizioa berresten dugu".