Kulturartekotasunaren taupadek ekarri dute bizipoza Okendo Plazara

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 23a, 17:30

Lasarte-Oriako aniztasuna ospatzeko, Milakultura eguna ospatuko dute Bizipoza taldeko kideek, ostiral honetan. Goizean, herriko ikastetxeetako umeek girotu dute enparantza. 

Goizetik ilunera, ostiral honetan Milakultura eguna ospatuko du Bizipoza taldeak. Horretarako, herriko aniztasuna balioan jartzeaz gain, hura aldarrikatuko dute. Festa koloretsua prestatu dute, orotariko eragileekin eta partaideekin batera, kulturartekotasuna goraipatzeko eta jatorri askotariko pertsonak komunitatearen parte egiteko. 

Festa herriko hiru ikastetxeetako (Garaikoetxea-Garaikoetxea, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte) umeekin hasi da. Dantzatu egin dute, abestu, jatorri askotariko jolasekin gozatu; barre egiteko tartea ere izan da. 10:30etatik 12:00ak izan dira Okendo Plazan Porrotx pailazoa dinamizatzaile lanetan aritu delarik. Giro ederra izan da. Kostata bueltatu behar izan dute neska-mutilek euren ikastetxeetara, ondoren. 

Era berean, Atsobakarreko zahar egoitzeko zenbait agurek ere ez dute festa galdu nahi izan, eta enparantzara gerturatu dira. Mikrofonoa hartu eta haurrei aholkuak eman dizkiete, hori ez ezik, dantzatzeko beta biziki aprobetxatu dute. Plazan ikusgai izan diren banderolak beraiek egin dituztela ere aitortu dute. 

Arratsaldean, gehiago

Milakultura egunak arratsaldean nolabaiteko bigarren zatia izango du. Izan ere, 18:00tan, Ttakun Kultur Elkarteko kideak hasiko dira. Segidan, Extremadura Etxekoek Parrandera dantzatuko dute, baita Torta del Casar eskaini ere. Orobat, bertako dialekto Castúo extremeño hizkera balioan jarriko dute. 

Bestalde, David Pena galiziarrak Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko lotura irudikatuko du, Gabriel Ariesti eta Manuel Maria poeten olerki bana irakurrita. Perutik eta Nikaraguatik Lasarte-Oriara etorritako Araceli Girot eta Ondina Perezek herrialde bateko zein besteko platerak prestatuko dituzte. Gainera, Nicaragua Nicaragüita abesti ezaguna dantzatuko dute, Joxe Mari Agirretxek abestu egiten duen bitartean.

Bukatzeko, Semblante Andaluzekoek rebujitoa prestatuko dute eta Xumela Abesbatzako kideek, Epo i tai tai e abestia interpretatu. Gainera, patata tortillak eramango dituzte.