Altxorra, etxean eta etxekoentzat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko otsailaren 27a

'Ikimilikiliklik Vol.2' ikuskizunaren emanaldiarekin ireki dute Korrika Kulturala ekimena kultur etxean, ederki ireki ere: aretoa bete duten herritarrak txundituta geratu dira Loraldia Euskal Kultura Gaur eragileko kideek oholtzaratutakoarekin eta gogotik egin diete txalo amaieran, batez ere, aktoreetako bat den Intza Alkain herrikideari. Berak, hitza hartu, eta eskerrak eman dizkie, hunkituta eta pozik: "Ederra da etxean jolastea".

Mikel Laboak eta Artze anaiek Ikimilikiliklik izeneko ikuskizun sentikaria plazaratu ostean, garai horretan aurrera eraman zuten esperimentazio joera hori berreskuratu eta ikuskari berria aurkeztu dute Loraldiako kideek, jatorrizko emanaldi hori "berrikusi, berrasmatu eta bermoldatzeko". Hori horrela izanik kultura diziplina ezberdinen arteko elkarrizketa oholtzaratu zuten atzo kultur etxean: musika, artelanak, antzezpena eta ikus-entzunezkoak. Heldu diote "dena dago egiteke" eta "dena egina dago" esaldien arteko "zilbor hesteari". Gai "serioak" dira "oinordetza eta alabatasuna". Ondareari "errespetuz" behatu diote artistek, baita praktikatu zuten "ausardia artistikoari" ere.

Ia ordu eta erdiko ikuskizunak txundituta utzi ditu aretoa bete duten ikus-entzuleak eta txalo zaparrada luzeekin saritu dute emanaldian parte hartu duten aktore eta musikarien lana. "Etxean jolastu" zuen Intza Alkainek hitza hartu zuen amaieran, jasotako babesa eskertu eta Muntteri AEKk datozen asteetarako antolatu duen Korrika Kulturaleko hitzorduak nabarmentzeko.

Egitaraua

Martxoak 7, larunbata

  • 20:00etan, kultur etxean, Jo! antzezlanaren emanaldia.

Martxoak 13, ostirala

  • 18:30ean, kultur etxean, Korrika Gala, aurtengo ekimena herritarrei aurkezteko.

Martxoak 14, larunbata

  • 19:00etan, kultur etxean, AA Aita bakarrizketa.

Martxoak 24, asteartea

  • 19:00etan, Ttakunenea elkartean, Euskaratik sorkuntza mahai ingurua. 

Martxoak 25, asteartea (24. Korrika herritik igaroko den eguna)

  • 10:30ean, herrian barrena, Korrika Txikia herriko ikastetxeetako ikasleekin.
  • 12:55ak aldera, Korrika herritik pasako da, Errekaldetik sartuta Usurbilerako norabidean.
  • 17:00etan, Okendo plazan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna.
  • 18:30ean, herriko kaleetan barrena, kalejira Oaintxe in deu! txarangako kideekin batera.

Aste horretan marrazki erakusketa jarriko dute Antonio Mercero aretoan, ikastetxeetako ikasleek egindako lanekin.