Kultur eta jai egitaraua iragarri dute 24. Korrika babesteko

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 18a

24. Korrika dela-eta, Muntteri AEKrekin elkarlanean, askotariko adinei zuzendutako jarduerak iragarri ditu Lasarte-Oriako Udalak. Euskararekiko konpromisoa berretsi duela azpimarratu dute udal ordezkariek

24. Korrikak zeharkatuko du martxoaren 25ean Lasarte-Oria. Bi urtean behin euskararen eta euskaltegietako ikaskuntzaren alde milaka pertsona mobilizatzen dituen AEKk antolatzen duen ekimena da, eta aurten ere horren alde hartutako konpromisoa berretsi du udalak. Horren berri eman dute Euskara saileko zinegotzi Estitxu Alkortak, Kultura alorreko Ainara Elicecheak eta Muntteri AEKko zuzendari Andoni Salsamendik. 

Agerraldiari hasiera emateko Alkortak hartu du hitza. Azpimarratu du Korrika “aukera ezin hobea” dela “gure herriak euskararekiko duen konpromisoa erakusteko”. Era berean, gogorarazi du euskarak herritar guztien inplikazioa behar duela, hots, "euskaraz hitz egiten dutenena, ikasten ari direnena eta, jakin ez arren, euskararen erabileraren aldeko jarrera dutenena". 

Azpimarra egin dio egunerokotasunean hizkuntzarekiko jarrerak duen garrantziari: “Euskaldunok eskertzen dugu euskaraz zuzentzea, hitz gutxirekin bada ere. Eta norbaitek euskaraz ez dakienean, errespetuz eta naturaltasunez adieraztea ere baloratzen dugu”. Aurtengo edizioko leloaren ildotik, zera gaineratu du: “Euskara gara. Euskara guztiona da, eta bere etorkizuna elkarrekin eraiki behar dugu, kilometroz kilometro”.

Hitzartzea amaitu aurretik, iragarri du Lasarte-Oriako Udalak "aktiboki" parte hartuko duela ekimenean; jakinarazi du kilometro bat erosi duela eta Korrikaren inguruan antolatutako ekintzei babes ekonomikoa eman diela. 

Aurkezpena eta Korrika Kulturala

Elicecheak, berriz, iragarri du 24. Korrikaren aurkezpen ekitaldia martxoaren 13an izango dela, 18:30ean, Kultur Etxeko auditorioan. Bertan askotariko herriko kultur eragilek parte hartuko dute, hala nola, Xumelak, Erketz, Kukuka, Alboka eta Jalgunek. Hala, gala horretan petoak banatuko dituzte, eta, ekimen hori amaitu ostean, Oriarteko patioan gazteentzako DJ festa aurrera eramango dute. 

Horrez gain, Korrika Kulturalaren barruan, hainbat hitzordu antolatu dituzte; honakoak dira: 

  • IKIMILIKILIKLIK vol.2,: Hilaren 26an, 19:00etan, txalaparta, pianoa, kantua eta antzerkia uztartuko dituen esplorazio eta esperimentazio artistikorako proposamena da, Intza Alkain herriko aktorea da obran parte hartzen duen kideetako bat. Bertaratzea doakoa den arren, gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa da. 
  • Magma Miaren “Jo”: Martxoaren 7an, 20:00etan, Beatriz Egizabal lasarteoriatarraren eta Anduriña Zurutuzaren lana. Hori ere musu-truk izango da, baina bertaratzeko gonbidapenak eskuratzea beharrezkoa.
  • AA Aita”: Jon Plazaolak aitatasunari buruz egindako bakarrizketa. Martxoaren 14an, 19:00etan eta sarrerek 6,10 euro balio dute. 

Jarduera horiek guztiak Manuel Lekuona Kultur Etxean izango dira. 

Martxoaren 25a

Bestalde, Salsamendik gogorarazi du Korrika 1980an sortu zela, "euskararen aldeko kontzientzia piztu eta euskaltegiei babesa emateko" asmoz, eta geroztik "herri mugimendu indartsu gisa" finkatu dela. 

Korrikaren hiru helburu nagusiak zeintzuk diren ere azaldu du. Lehenik eta behin, aipatu du ekimenak eguneroko bizitzan "euskararen erabilera sustatu" nahi duela. Horrekin batera, "euskaltegien lana indartu eta  helduei ikasteko aukera bermatu" nahi diela ere aipatu du,eta hirugarrenik, "konpromiso kolektibo baten inguruan herritarrak aktibatzea" bilatzen duela.

Hori guztia azaltzearekin batera, Lasarte-Orian, martxoaren 25erako prestatu duten programazioaren berri eman du. 

  • Goizean, Korrika Txikia herriko ikastetxeetako ikasleekin.
  • 12:55ak aldera, Korrika herritik pasako da, Errekaldetik sartuz Usurbilerako norabidean.
  • 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna, Okendo plazan.
  • 18:30ean, Erraldoi eta buruhandiak (LOZET), izango dira Oaintxe in deu! txarangarekin batera herriko kaleetan zehar.
  • Korrikaren astean, haurrentzako marrazkien erakusketa, Mercero aretoan. 

Amaitzeko, Muntteri AEKko ordezkariak eskerrak eman dizkio Lasarte-Oriako Udalari aurtengo ekimena babesteagatik; azaldu du laguntza hori gabe ezinezkoa litzatekeela iragarritako jarduerak aurrera eramatea.