Ohiturari jarraiki, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da aurtengoa: Xiberoan. Aurkezpen egunean iragarri bezala, Atharratzen emango diote hasiera Korrikari. Hori hala izatea erabaki dute zenbait arrazoigatik, hala nola, eta nagusiena da Korrikaren “itzalguneetako” bat dela Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen eta azken aldia 4. Korrikan izan zen, hots, 1985ean. Orduko hartan Atharratzetik abiatu zen urtea izan zen. Alta, euskara sustatzeko eta kaleratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan. Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argi erakutsi dute etxeko transmisioa eten egin dela, eskola transmisioak ez duela % 15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela bertako kaleetan. Gainera, Xiberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea eta eskualdea.
Martxoaren 25ean igaroko da Lasarte-Oriatik
Abiapuntua iragartzearekin batera, helmuga zein izango den ere jakinarazi zuten ekimenaren antolatzaileek. Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan amaitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbok izango du egitasmoaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin. Goizeko 07:20ak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurriko dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu ostean. Ondoren, egun osoko amaiera jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.
Abiapuntutik helmugara arteko bidean, ordea, Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat leku zeharkatuko ditu Korrikak, horien guztien artean, Lasarte-Oria ere bai. Martxoaren 25ean iritsiko da gurera, eguerdia pasata. Lasarte-Oriak lehen lekukoa 12:54ean hartuko du, Errekalde Etorbidean. Variante errepidea gurutzatu, eta Pinutegi kalea hartuko du gero, 13:06ean. Ostean, Zabaleta auzoa zeharkatuta, Buenos Aires aldapatik behera, Beheko kalera iritsiko da 13:21ean. Zumaburu igarota, Kale Nagusia hartuko du Korrikak (13:26ean), eta handik, Donostia Etorbideko biribilgunea eginda, Iñigo de Loiola kalera iritsiko da (13:32ean). Uistin kalea pasako du gero, eta Hipodromo etorbideko zubia zeharkatuta pasako diote lekukoa Usurbili (13:37ean).
Hiriburuetako datak
Antolatzaileek jakinarazi dute iblbidearen xehetasun guztiak webgunean eta aplikazioan egongo direla kontsultagai. Herriz herri, kalez kale, errepidez errepide... euskara garela erakutsiko du Korrikak 11 egunez eta hamar gauez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze inguru egingo ditu euskararen herrian zehar. Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da bertara. Donibane Garazin, ordea, martxoaren 20an, ostiralarekin, izango da, 02:50ean. Iruñera, aldiz, martxoaren 22an iritsiko da, igandearekin. Alde Zaharrera bazkalorduan helduko da, 14:30ean. Baionaren txanda izango da gero. Martxoaren 24an, asteartearekin, iritsiko da bertara, 20:30ean. Donostiatik, hurrengo egunean, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, igaroko da, 08:15ean Altzan sartuko da, eta eguerdia baino apur bat lehenago iritsiko da Parte Zaharrera. Horrela, 27an, ostiralarekin, 21:00ak aldera, Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.
Korrika aplikazioa
Aurreko ediziotik hona, aplikazioa berrikuntzekin dator; hala ohartarazi dute arduradunek. Batetik, arestian aipatu bezala, eta 24. Korrikaren kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileak izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere. Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko dizkiegu aplikazioaren erabiltzaileei. Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren —hots, erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa—; horri lotuta, interesgarria da jakitea aplikazioak bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dauden herri, eskualde edota kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko dituzte 24 orduz.
Ohiko atalak ere baditu, jakina: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan.
Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri primizian jasotzeko —orain arteko gertaerak: aurkezpena, abestia, ibilbidea...—. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du. Guztiz doakoa da.
