Atzo iluntzeko saioaren berri ematera joan, esandakoak ia ordubetez grabatu, grabagailukoa transkribatu, jasotakoa antolatu eta kronika idatzi. Artikulu hau izenpetu duen kazetariak ia gaurko goiz osoa behar izan du horretarako guztirako. Adimen Artifizialeko modeloetako batek, Google Gemini-k zehazki, –euskaraz nahikoa txukun lan egiten duen bakarretakoa delako, oraingoz; TXINTXARRI-ko erredakzioko kideok ezagutzen ditugunen artean behintzat bai– pare bat minutuan burutu ditu zeregin horiek. Ikara ematen du, izan ere, egunen batean artikulu hauxe bera modelo horietakoren batek sina dezake, hezur eta haragizko kazetariren baten premia izan gabe? Areago, dagoeneko egin dezake? Lana kenduko digu? TXINTXARRI aldizkaria TXINTXAARRI bilaka daiteke? Galdera izuti mordoa eta erantzun ziurrik ez, mundua gero eta azkarrago eraldatzen ari den tresna honen aurrean.
Puri-purian dagoen gaia dela baliatu dute Borobilean Elkarteko lagunek hitzaldia antolatzeko. Informatikaria eta datuen segurtasunean aditua eta aritua den Beñat Iriondo herritarra gonbidatu zuten Oriarte Landaberri institutura eta, zentro horretako irakasleetako bat bailitzan, argi eta zehatz eman zituen tresna horri buruzko azalpenak. Horren barruan, honakoari buruz ohartarazi zituen bertaratutakoak: norberak bere bizitza edota lan esparrura eramango zituela Adimen Artifizialaren gaineko gogoetak. Artikulu honen hasieran kazetaritzarekin egin bezala, pentsa zenbat esparruri buruzko zenbat gogoeta eta galdera sorrarazi zizkien joandako bakoitzari jorratutako temak. "Hamarnaka erpin" dituela zehaztu zuen Iriondok: ekonomikoak, filosofikoak, jakintzarenak, segurtasunarenak, kontrolarenak, kulturarenak, feminismoarenak, hezkuntzarenak, lan munduarenak... eta abar luze-luze bat.
Gaia testuinguruan jarri aurretik Borobileaneko kide Joxe Mari Agirretxek aurkeztu zuen gonbidatua: Gaztelu herrian bizi da egun eta Tolosako Udalean lan egiten du informatikari gisa. Jarraitu aurretik, Iriondoren ama Itziar agurtu zuen, ikus-entzuleen artean baitzegoen. 19:00etarako dozenaka pertsona elkartu ziren Oriarte Landaberrin eta, pare bat, beranduxeago, tokiz nahastu eta Antonio Mercero aretora joan zirelako. Ailegatu zirenean txalo artean hartu zituzten –anekdota hauek ez dakizki Geminik, ez zeudelako grabatuta; grabagailuaren REC botoia kazetariak sakatu zuen, hasi eta buka. Xake-mAAte, Gemini–.
"Negualdiaren" osteko bilakaera
40. hamarkadan, nazi alemaniarrei xake-mate galanta egin ziena Alan Turing matematikari ingelesa izan zen. Enigma izeneko kodea erabiltzen zuten euren artean komunikatzeko eta Turingek, beste kide batzuen laguntzaz, deszifratzea lortu zuen eta orduan ezarri zituzten gaur egungo Adimen Artifizialaren oinarriak (teorizazioaren bidez), Iriondok azaldu zuenez. Urte batzuetara egin zituzten beste saiakera batzuk (AEBetako San Francisco hirietako suteak itzaltzeko, adibidez) baina algoritmoak "konplexuagoak" ziren eta tresna "negualdian" sartu zen.
Negualdi hori 2020an bukatu zen, OpenAI (ChatGPT izenez ezagunagoa) enpresa eratu zutenean. Gai izan ziren giza adimena imitatzeko, gure garunetako neuronen konexioak erreproduzitzeko. Hasieran irabazi asmorik ez zuen entitate horren estatutuak denbora gutxira aldatu zituzten, jarduera horretatik diru asko atera zezaketela ikusi zutelako batzuek (Elon Musk handi-mandiak, beste batzuen artean) eta haserretu egin ziren. Hori horrela, bakoitzak bere bidea hartu eta gaur egungo modelo ezagunenetako batzuk mantendu edota sortu zituzten: OpenAI bera (Sam Altman), Grok (Elon Musk), Copilot (Bill Gates) edota Claude (Dario eta Daniela Amodei anai-arrebak), beste askoren artean.
Modelo horiek guztiek "prozesatze gaitasun izugarria" behar dute: "Zerbitzari asko, asko eta asko". Gutxi daude mundu osoan horretarako kapazitatea dutenak; Amerikako Estatu Batuetakoak dira batzuk eta Txinakoak beste batzuk. Hori guztia mugitzeko, jakina, energia mordoaren premia dute. Norabide horretan, Iriondoren aburuz ez da kasualitatea modelo estatubatuarrak kudeatzen dituzten guztiak herrialde horren presidente Donald Trump-en zaleak izatea: "Azkar elkartu zen horiekin guztiekin eta behin baino gehiagotan esan du zentral nuklear gehiago ireki nahi dituela".
Datuak dira "gasolina"
Adimen Artifizial modelo bat sortzea gauza bat da –Euskal Herrian, esaterako, Latxa Txatbot irekiaren probako bertsioa egin dute, eta bestea, Iriondoren iritziz "gakoa", elikatzea eta entrenatzea. Tresna horren "gasolina" datuak dira, baina ez edonolakoak: "datu gobernatuak" izan behar dute, hau da, "horiekin zer lortu nahi dugun dakizkigunak". Kontatu du jende asko eta askoren eguneroko lana hori dela, jasotako datu bakoitza etiketatzea, sistemak prestatzeko eta sare neuronalak elikatzeko. "Edonola ere, kirolean gertatzen den moduan, gehiegizko entrenamendua txarra da; tamainan prestatu behar da Adimen Artifiziala". Horri lotuta, azpimarratu du modelo bat bera ere ez dela aseptikoa, guztiek dituztela "joerak", horiek prestatu dituzten gizakiek ere badituztelako. Gero, era batera edo bestera jokatzeko filtroak ere ezartzen dizkiete, edo, Grok-en kasuan bezalatsu, bat bera ere ez. "[Elon] Musk bera robot bilakatu izan balute bezala da".
Datu "gobernatuak" dira Adimen Artifizial modeloen "gasolina", hau da, "horiekin zer lortu nahi dugun dakizkigunak"
Sortzailea, deduktiboa (etorkizunean gerta daitekeena iragar dezakeena, alegia), ludikoa... Adimen Artifizial motak sailkatzeko modu ugari daudela esplikatu du adituak. Horien artean "interesgarriena" iruditzen zaiona hauxe da: praktikoki mundua hobetzeko ekarpenak egin ditzakeena eta esparru ugaritan (osasungintzan edota hezkuntzan, kasurako) erabil daitekeena.
Oriarte Landaberrira joandakoek interes handiz jarraitu zituzten Iriondoren azalpenak eta tarte hori amaitutzat eman eta adituak berak hitza eman zienean, galdera eta gogoeta ugari partekatu zituzten borobileko gainerako kideekin: mundua kontrolatzeko tresna ote den ala ez; zertarako erabili eta zertarako ez, non dauden muga etiko eta moralak; edota erabilera aholku batzuk. Mahaigaineratutako guztiari heldu zion Iriondok eta, azken kontu horretatik hasita, hausnarketa hau egin zuen: "Jakintza guzti-guztia AAri uzten badiogu, erabakiak beraren esku geratuko dira. Beraz, erabili aurretik, beharrezkoa da gizaki egiten gaituen alorrak geureganatzea eta lantzea, aurretik jakintza garatzea. Gaur egun, adibidez, ez dakigu Google Maps aplikazioa erabili gabe orientatzen".
"Jakintza guzti-guztia AAri uzten badiogu, erabakiak beraren esku geratuko dira"
Iriondok zehaztu zuenaren arabera, bi hilabetero "aldaketa sakonak" egiten dituzte Adimen Artifizial modeloetan eta baliteke egoera oso desberdina izatea artikulu hau apiril amaieran (edo lehenago) irakurriz gero. Negualdian zegoen tresnaren gainerako urtaroen zikloa gero eta bizkorragoa dela dirudi eta ez dakigu zer-nolako abiadura izatera irits daitekeen. Bitartean, horrekin batera bizitzen ikastea besterik ez zaigu geratzen, bizkar emanda bizitzea ez baita komenigarria. Tolosako Udalean jubilatzear den kontu hartzaileak horri buruz txintik jakin nahi ez badu ere.