Egun horren bueltan antolatu da herritar talde bat eta greba batzordea eratu du. Aste honetan herriko zenbait txokotan barrena dabiltza deialdiari buruzko informazioa banatzen. Gaur goizean Andatza plazako azokan izan dira eta, herenegun, Euskotren geltoki atarian.
Hurrengo bilera martxoaren 5ean egingo dute batzordeko kideek, ostegunarekin, Antonio Mercero aretoan, 18:30ean. Talde irekia dela gogorarazi dute eta herritar oro animatu dute bat egitera.
Grebarako arrazoi ugari
Arestian aipatutako arrazoiak nahikoak ez balira (gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzea eta horri buruz erabakitzeko ahalmena Euskal Herrira ekartzea), gehiago aletu dituzte ekintza deitu dutenek. Azken urteetako inflazioaren ondorioz nabarmen igo da KPIa eta horren ondorioz erosahalmena galdu dute beharginek. Hori horrela, guztien soldatak igotzea eta gaitasun hori bermatzea exijitu dute, baita "inoiz baino handiagoak" izaten ari diren enpresen mozkinak langileen ordainsarietan islatzea ere.
Greba egunerako prestatu dituzten eskakizunen artean daude baita ere "zerbitzu publiko indartsuak izateko gehiago inbertitzea" eta gutxieneko pentsioak "bizitza duina bermatzeko mailara igotzea".