ESKUALDEA

Kaleak bete eta lantokiak husteko deia egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 22a

LAB sindikatuaren Goierri-Buruntza eskualdeko ordezkarien agerraldia, Villabonan. Argazkia: LAB sindikatua.

Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek martxoaren 17rako greba orokorra erregistratu eta gutxira bilera eta agerraldia egin dute LAB sindikatuko Goierri-Buruntza eskualdeko ordezkariek, Villabonan. Lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egitearekin batera lanuzte deialdiaren helburuak zeintzuk diren gogorarazi dute: euskal langileen ordainsariak hobetzea eta gutxieneko soldata propioak erdiestea. Azken xede horre harira, aurtengoa 1.500 eurokoa izatea proposatu dute ELA, ESK, Etxalde, Hiru eta Steilas-ekin batera. Hego Euskal Herrian deitu dute ekintza, 'Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko' lelopean.

LABek eskualde horretan dituen ordezkariek nabarmendu dutenez, grebarako arrazoiak ez dira falta: "Bizitza garestitu egin da baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, beharginok erosahalmena galdu dugu. Ordainsariak 2008an zuten pisua berreskuratuko balute 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke; kopuru horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko". Ildo horretatik, aldarrikatu dute "Euskal Herriko errealitatera" egokitutako ordainsariak behar dituztela langileek. Gaur egungoak aski ez direnez egunerokoari aurre egiteko, greba orokorrera deitu dute.

Langileen soldatak, "etengabeko erasopean"

Patronalaren jarrera kritikatu dute LABeko delegatuek: "Eremu pribatuan zein publikoan etengabe erasotzen ari dira langileon soldatak, eta, orain, absentismoaren mantrarekin datoz are murrizketa gehiago inposatzera". Horrez gain, deitoratu dute gutxieneko soldata negoziatzeari uko egin izanda. "Confebask-ek eta NEK Nafarroako Enpresarien Konfederazioak uko egin diote lanbide arteko akordioa adosteko mahaia eratzeari".

Hau guztia aldarrikatuko dute martxoaren 17ko greba orokorrean: 1.500 euroko gutxieneko soldatak; arrakala matxista eta arrazistak murriztea; ordainsari guztiak gorantz bultzatzea; enpresaz enpresa eta sektorez sektoreko baldintzak hobetzea; gutxieneko pentsio eta prestazioak igotzea; sortutako aberastasuna justuago banatzea; soldaten gaia Euskal Herrian erabakitzea, eremu pribatuan zein publikoan; eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko eskumenak eskuratzea, lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean "burujabetza gehiago" izateko. "Baditugu hamaika motibo mobilizatzeko".