Kultura topagune "irisgarria, anitza eta hurbila" izatea nahi dute departamentu horretako zinegotziak eta teknikariek. Hori horrela, adin tarte guztietako herritarrei begira prestatu dituzte martxoko hitzorduak. Horiek guztiak atal honetan jaso ditugu.
Bi urtean behin igarotzen da Lasarte-Oriatik euskararen aldeko lasterketa erraldoia: Korrika. 24. edizioa izango da aurtengoa eta aurreko asteetan motorrak eta giharrak berotzeko jarduerak egingo dituzte. Jo! antzezlana, AA Aita bakarrizketa, Euskaratik sorkuntza mahai ingurua eta ekimena aurkezteko egingo duten gala izango dira martxoko ekimenak.
Hilero bezala, zinema izango da egitarauan presentzia nabarmena izango duen diziplina artistikoa. Evolution, Cumbres borrascosas, Zootrópolis 2, Sorry baby, Baba Yaga eta sorginkeriaren liburua, Tres adioses, Como cabras, El agente secreto, Olivia y el terremoto invisible, Historias del buen valle, No other choice eta La chica zurda filmak emango dituzte kultur etxean. Azken bi horietako paseak Okendo Zinema Taldeak egingo ditu.
Opera eta ballet zikloaren barruan, Danok Kide elkarteak eta udalak La Gioconda ikuskizunaren emanaldi digitala gauzatuko dute. Biek ala biek herritar gehiago erakarri nahi dituzte gisa horretako emanaldietara, kalitatezkoak eta gozatzeko modukoak direla azpimarratuta.
Martxorako programatutako jardueren sarrerak kultur etxean bertan edota Kutxabank Sarrerak atari digitalean eskura ditzakete herritarrek.