Lasarteoriatarrek "kalitate handiko" bertsio digitaleko opera emanaldiez gozatzeko duten "aukera ezin hobea" azpimarratu du Jesus Mari Egizabal Danok Kide elkarteko ordezkariak. Ikasturte amaierara arteko emankizunak ezagutarazi aurretik, balioan jarri ditu herrian aurrera eramaten dituzten proiekzioak.
Gogorarazi du hilean behin izan ohi direla saioak, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. 19:00etan hasi, eta gutxi gorabehera bi ordu edo bi ordu eta erdiko iraupena izaten dutela. Bertaratzeko sarrerak kultur etxeko leihatilan eros daitezke, edota sarean, kutxabank-eko web atarian. 7,5 eta 9 euro artean balio dute.
Urte luzetako kolaborazioa
Egizabalek hogei urte baino gehiago daramatza udalarekin elkarlanean opera sustatzeko ekimenak aurrera eramaten. Pena ematen dio, ordea, proposatzen dituzten emanaldietara herritar gehiago ez joateak. Azaldu du kalean entzuten duela opera gustuko duela adierazten duen jendea, baina, adierazpen horiek ez datozela bat hitzorduetara joaten den ikus-entzule kopuruarekin. Egun 50 bat kideko ikus-entzule talde egonkorra biltzen da emanaldietan, baina kopuru hori handiago izatea nahi luke berak.
Gauzak horrela, publikoa erakartzeko balioan jarri ditu kultur etxeko emanaldiak. Adierazi du aretoko pantaila handiak eta soinua proiektatzeko aparailuek operaren bertsio digitalak kalitate handiarekin ikustea ahalbidetzen dutela. Zuzeneko emankizuna ez izanagatik, grabatutako emanaldien proiekzioak gertutik ikusteak aukera ematen duela bertan parte hartzen duten interpreteak nola lan egiten duten ikusteko, hots, kantuan nola egiten duten, nola modulatzen duten, kantuan aritu ostean arnasa nola errekuperatzen duten, eta abar.
Hala, gaineratu du hitzordu oso erakargarriak direla, eta proiekzioen jatorrizko hizkuntza ez dela azpititulatu egiten baitituzte.
Ekainera arteko emankizunak
- Otsailak 18, La traviata.
- Martxoak 18, La Gioconda.
- Apirilak 15, Giselle (Balleta)
- Maiatzak 13, Lucia di Lammermoor.
- Ekainak 10, Turandot.