"Publikoa leialtzeko eta udal kultur eskaintzarako etengabeko sarbidea errazteko pentsatutako formula" dela nabarmendu du udal ordezkariak, eta gaineratu, haurrentzako zein helduentzako hileroko ohiko kultur eskaintzetan erabil daitezkeela. 2026ko abenduaren 31ra arte truka ditzakete herritarrek aipatu bonuak.
Bi motatako bonuak eskaintzen ditu udalak: haurren emanaldietan erabiltzeko bonuak, eta helduen saioetarako bonuak. Biak ala biak hamar saioko bonuak diren arren, prezioa ezberdina dute. Haurren emanaldietan erabiltzekoak 30,70 euro balio du. Gauzak horrela, etxeko txikientzako iragarritako emanaldi bakoitzak 3,07 euroko kostua izango luke (bonurik gabe sarrera horien prezioa 4,10 eurokoa da). Helduen bonuak, berriz, 50,20 euro balioa du, beraz, sarrera bakoitzak 5,02 euroko kostua izango luke (bonurik gabeko helduen emanaldietako sarrerek 6,10 euro balio dute). Horiek Manuel Lekuona Kultur Etxeko leihatilan eros daitezkeela ere argitu du. Modalitate bakoitzaren barruan sartzen diren emanaldiak zeintzuk diren ere zehaztu du Elicecheak: haur zein helduen antzerki eta zinema emanaldiak, eta Okendo Zinema Taldearen proiekzioak.
Horren guztiaren berri ematearekin batera, honako adierazpenak egin ditu: "Kulturak irisgarria eta jarraitua izan behar du denboran. Bonu hauekin, diru kopuru bat aurreztea errazteaz gain, herritarrak udalerriko kultur programazioan parte hartzera animatu nahi ditugu". Hala, gogorarazi du bonua pertsonalizatu egin daitekeela, eta urtean zehar malgutasunez erabili.
Erosketari eta erabiltzeko baldintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Manuel Lekuona Kultur Etxeko leihatilara jo behar dute herritarrek honako ordutegian: Astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara eta astelehenetik ostiralera, aldiz, 10:00etatik 13:00etara.