Elkarrizketa artistiko bat, 24. Korrika Kulturala irekitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 26a

Argazkia: Loraldia.

Hilabete eskas falta da 24. Korrikak gure herria zeharkatzeko. Hitzordu horretarako motorrak berotze aldera Korrika Kulturala ekimena prestatu du Muntteri AEK euskaltegiak udalaren laguntzarekin. 'Ikimilikiliklik Vol.2' antzezlanaren emanaldiak irekiko du egitaraua gaur arratsaldean, 19:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Sarrera doakoa da baina ikus-entzuleek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte aretoko harreran.

Loraldiako kideek euren atari digitalean zehaztu dutenez, duela 50 urte "abangoardiaren esperimentazioan" murgildu ziren Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta eta Artze anaiak; Ikimilikiliklik izeneko ikuskizuna plazaratu zuten orduan. Lan "harrigarri eta berritzaile" horretan diziplina ugari uztartu zituzten sortzaileek: poesia, ikus-entzunezkoak, artea, txalaparta... Bost hamarkada geroago, ekimen hori "berrikusi, berrasmatu eta bermoldatu" egin dute belaunaldi ezberdinetako puntako artistek, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean. Berria egunkariak ikuskizun horren aurkezpenari buruzko albistean jaso zituen bere hitzak: "Hau ez da omenaldi bat, erreplika bat. Hau elkarrizketa artistiko bat da". Intza Alkain herritarra da aktoreetako bat.

Korrika Kulturalaren egitaraua

Gaur, hilak 26

  • 19:00etan, kultur etxean, Ikimilikiliklik Vol.2 antzezlanaren emanaldia.

Martxoak 7, larunbata

  • 20:00etan, kultur etxean, Jo! antzezlanaren emanaldia.

Martxoak 13, ostirala

  • 18:30ean, kultur etxean, Korrika Gala, aurtengo ekimena herritarrei aurkezteko.

Martxoak 14, larunbata

  • 19:00etan, kultur etxean, AA Aita bakarrizketa.

Martxoak 24, asteartea

  • 19:00etan, Ttakunenea elkartean, Euskaratik sorkuntza mahai ingurua. 

Martxoak 25, asteartea (24. Korrika herritik igaroko den eguna)

  • 10:30ean, herrian barrena, Korrika Txikia herriko ikastetxeetako ikasleekin.
  • 12:55ak aldera, Korrika herritik pasako da, Errekaldetik sartuta Usurbilerako norabidean.
  • 17:00etan, Okendo plazan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna.
  • 18:30ean, herriko kaleetan barrena, Erraldoi eta buruhandiak (LOZET), izango dira Oaintxe in deu! txarangarekin batera.

Aste horretan marrazki erakusketa jarriko dute Antonio Mercero aretoan, ikastetxeetako ikasleek egindako lanekin.