Etxeko leihotik ari gara, beraz, globalaren bilakaerari begira. Baina, han ere ezagutu gaitzaten egin behar dugu ahaleginik. Horregatik, hain justu ere, joan da Pradales lehendakaria Davos Foroan eskuhartzera. ‘Eman ta zabal zazu munduan frutua’. Gure arbola zaharraren izpiritu bera hedatu nahi izan du bertaratu direnen artean: "Euskadi mundu ezegonkor batean egonkortasuna bilatzen duenarentzat babesleku gisa balio duen eredu ona da". Bandera handien artean, hortxe altxa da ikurriña. Munduko jauntxo garaienen harrabots-artean, apal baina tinko, argi entzun da euskotarren ahotsa.
Munduko ekonomia fororik inportanteenean, euskal ordezkaritzak ezin zuen -jakina- gure burua potentzia gisa azaldu, baina bai agertu jarraibide irakasgarria bezala. Gero eta giza-gaitzagoa den garaian, euskal eragile askoren ekinbideaz gizatiarra den herri-asmoa gauzatzen ari garelako. Ekonomiaren hazkundea elkarren artean partekatzen badakiena, pertsonaren sustapena eta gizartearen kohesioa herrigintzaren erdigunean jarri nahi dituena. Horrekin batera, ez dago esan beharrik ere erabaki egokia izan dela Davos foroan izan diren eztabaidetan parte hartzea, munduaren joera berriak nondik etor daitezkeen antzemateko aukera izan dugulako.