Zerbaitenganako antsia zentzugabeko desioa da, gose instintiboa, elkarren arteko bizikidetzari inolako begiramenik egiten ez diona. Bakarka bizi izan bagina bezala jokatzea litzateke, gizaki bakoitza bere-berean gotorturik. Baina, gizartean bizi gara elkarren mendeko garelako. Eta bakarkeriazko egoera batean isolaturik bizi nahi duenak ez du hartu nahi besterenganako obligaziorik. Horrela jokatzen duenak, jakina, ezin espero dezake beretzat nahi dituen libertate eta eskubideekin besteek ere arduratuta sentitzea.
Libertatea, ordea, ez da lotura guztietatik askatzea. Zertarako behar den askatasuna galdetzen duenean, lagun hurkoa leialki maitatzeko behar dela aldarrikatzen du Iriondok. Leialtasuna ardura, konpromisua, obligazioa da. Beraz, harreman loteslea. Libertatearen jabe izateak ondokoekin lotu egiten gaitu. Edo, beste modu batera esanik, haurridegoak sortzen dituen loturak askatzaileak lirateke. Gizakiari legozkiokeen eskubideak, bete beharreko obligazioen antzera, bakarrik gizataldean gauza baitaitezke.
Lourdesen abestia 1968koa da. Ez dugu garaia ahaztu behar. Orduan igaro zuen ETAk gizabidearen marra gorria, eta heriotzaren zabaltzaile amorratua bihurtu zEn, ordutik aurrera berebiziko tragedia utziz. Herriaren askatasunaren izenean, bere bozemaileek esan ohi zutenez. Iriondok, orduan, ozen kantatzen zuenak bidezkotasun osoa ukatzen zion jarduera armatu horri. “Libertatea ez da herrien jostailu… Askatasuna bakerako, ez bengantzako, ez hiltzeko, askatasuna maitatzeko, gizaki guztien onerako”. Memoriaren egunean, azaroaren 11n, horixe abestuko dugu, ostera.