Ixtear egon daitezkeen negozioak irekitzen jarraituko duen giltza

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 10a

Ondorengotza egitasmoaren berri eman duten eragileen atzealdeko Antonio Mercero aretoan egingo dituzte sentsibilizazio saioak.

Eskualdeko negozioen jabeen adina ikertu du berriki Beterri-Buruntza Mankomunitateak. Gure herrian, 300 dendari txiki baino gehiagorengana jo dute eta egiaztatu dute hurrengo hamar urteetan gutxienez 40 saltoki egon daitezkeela ixteko arriskuan, erreleborik ez badago. Ariketa horrek agerian utzi du dendari ugarik erretiroari aurre egin beharko diotela eta ezbaian egon daitekeela jarduera ekonomiko horien jarraitasuna zein enplegua sortzea. Horren aurrean, negozioen ondorengotza bideratzeko Merkataritza Txikiaren Belaunaldi Aldaketa Programa aurkeztu dute berriki udaletxean: Beterri-Buruntza Mankomunitateak prestatu eta gidatutako ekimenarekin bat egin dute Lasarte-Oriako Udalak eta Aterpea merkatarien elkarteak. Hiruetako ordezkariek euren arteko "elkarlana" balioan jarri eta irudikatu dute prentsaurrekoan. 

Udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek hartu du hitza eta azaldu du programaren helburua dela herriko establezimenduetako jabeak "trantsizio ordenatu baterako" prestatzea, euren negozioen jarraitutasuna ziurtatzeak udalerriko sare ekonomikoa iraunkortuko duelakoan. "Beti esaten dut gauza bera eta errepikatuko dut: komertzio txikiek Lasarte-Oriari sekulako ekarpena egiten diote eta lekuko aldaketen alorrean ere lagundu egin nahi diegu".

Erronka "garrantzitsua"

Beterri-Buruntza Mankomunitateko lehendakari Patxi Ibargurenek nabarmendu du erronka "garrantzitsu eta polita" dutela esku artean: "Belaunaldi aldaketa, ixteko arriskua duten establezimenduak zabalik mantentzea... Estrategia oso inportantea da ondorengotzarena, egindako ikerketatik eskuratu ditugun datuak kontuan izateko modukoak direlako". 

Horrekin batera, jakinarazi du joan den azaroan jarri zutela martxan Usurbilen eta Urnietan; orain, Lasarte-Orian aktibatu dute. "Ez dugu nahi aurtengo kontua izatea soilik, baizik eta datozen urteetan ere garatzen jarraitzea". Fernandezen antzera, saltokien ekarpena goretsi du Ibargurenek: "Herria egiten dute eta komunitatea aberasten dute".

Programa irudikatzeko, giltza

Aipatu proiektu horren berri emateko prestatu dituzten baliabide grafikoak erakutsi dituzte. Eskuorrietako bati giltzaren forma eman diote, egitasmoaren esanahia irudikatzeko: "Jubilatzear dagoen dendariak atea ixteko egingo duen keinu berbera gauzatuko du erreleboa hartu eta jarduera ekonomiko horren ondorengotza bermatuko duen pertsonak", azaldu du Beterri-Buruntza Mankomunitateko Enpresa teknikari Marisa Truebak.

Prozesu horretan dendarien "bidelagun" izan nahi dutenez, hiru sentsibilizazio saio prestatu dituzte datozen hamar urteetan erretiratzeko adinean egongo diren merkatari lasarteoriatarrentzat. Hilaren 18an, 23an eta martxoaren 2an aurrera eramango dituzte, Antonio Mercero aretoan, 14:00etatik 16:00etara. "Gogoeta eta planifikazio prozesuan lagundu nahi diegu, euren negozioen jabetzetan erreleboa hartu eta irekita jarrai dezaten, gaur egungo titularrek beraien etapa profesionala bukatu ostean ere". Izena emateko formulario hau bete behar dute.

Aterpea merkatarien elkarteko lehendakari Mabel Pedreirak, azkenik, programa hori "oso interesgarria" iruditzen zaiola azpimarratu du eta bazkide diren dendari guztiak animatuko dituela sentsibilizazio saioetan parte hartzera.