Bakardadea

Maitane Rebe Igartua 2026ko urtarrilaren 30a

Gizakiok sarritan bakardadearen beldur gara, zerbait kaltegarri edo zoritxarreko gisa ulertzen dugulako. Hala ere, garrantzitsua da bereiztea zer den bakarrik egotea eta zer den bakarrik sentitzea, bi kontzeptu horiek ez baitira gauza bera. Nahasketa horrek askotan sufrimendua sortu dezake, eta bakardadea ulertzeko dugun modua baldintzatzen du.

Bakarrik egotea norberarekin elkartzea da. Geldialdi bat egitea, kanpoko zaratetatik aldentzea eta gure barnearekin konektatzeko aukera bat. Bizitza azkar honen aurrean, askotan ez dugu gure burua entzuteko denborarik hartzen, eta horrek barne nahasmendua ekarri dezake. Bakarrik egoteak lasaitasuna ekar dezake, gure sentimenduak aztertzeko, ulertzeko eta beharrezkoa bada aldatzeko aukera emanez. Une horietan, gure emozioak entzuten ikasten dugu, gure nahiak argitzen ditugu eta gure bizitzako erronkei aurre egiteko indarra aurkitzen dugu. Horregatik, bakarrik egotea positiboa izan daiteke: autoezagutzarako eta barne hazkunderako bide bat da.

Bakarrik sentitzea, ordea, bestelakoa da. Ez da fisikoki bakarrik egotea, baizik eta emozionalki isolatuta sentitzea. Jende artean egon arren, besteekin benetako loturarik ez dugula sentitzen dugunean agertzen da. Sentipen horrek pisu handia du, iluntasun moduko bat, eta bizitzari zentzua kentzera iritsi daiteke. Besteekin konektatzeko ezintasuna sumatzen dugunean, bakardadeak sufrimendua sortzen du eta gure ongizatea ahultzen du.

Zergatik sentitzen gara bakarrik? Askotan, gizartearen erritmoak, presioek eta azaleko harremanek eragiten dute hori. Balio partekatuen falta, entzunak ez izatearen sentimendua edo geure burua onartzeko zailtasunak bakardade emozionala areagotu dezake. Orduan hasten da barneko hutsune bat betetzeko bilaketa.

Hala ere, zoriontasuna ez dator beti kanpotik. Besteekin harremanak beharrezkoak diren arren, ezinbestekoa da lehenik norberarekin ondo egoten ikastea. Bakarrik zoriontsu izaten ikastea da benetako oinarrietako bat. Norbere burua ulertu, onartu eta zaintzen ikastean, harremanak ere osasuntsuagoak bihurtzen dira.

Ondorioz, bakarrik egotea aukera bat izan daiteke, eta bakarrik sentitzea, berriz, landu beharreko seinale bat. Biak bereizten ikasteak gure bizitzari oreka, zentzua eta harmonia ekar diezazkioke.

Erlazionatuak

Aurreiritziak eta iritziak

Maitane Rebe Igartua 2025 aza 21 Iritzia

Bizi guru berriak

Maitane Rebe Igartua 2025 ira 26 Iritzia