Aurreiritziak eta iritziak

Maitane Rebe Igartua 2025eko azaroaren 21a

Gure eguneroko bizitzan, aurreiritziek eta iritziek bidezidor mental gisa funtzionatzen dute, kaltegabeak iruditzen zaizkigunak, baina, egiaz, besteekin dugun harremana sakonki eta modu arriskutsuan moldatzen dutenak. Aurretiazko baieztapenak dira, intuizioz mozorrotzen ditugunak, gutxitan berrikusten ditugun bat-bateko ziurtasunak. Hauek baldintzatzen ohi dute nork merezi duen gure konfiantza, nork sorrarazten digun errezeloa edo nor geratzen den automatikoki bazterrean. Ez al zaizue iruditzen pertsona irekiak, kritikoak edo “kontzienteak” garela uste dugunean hauek erreproduzitzeko dugun naturaltasuna?

Aurreiritziek eztabaida desitxuratzen duen halako iragazki emozional baten gisa jokatzen dute. Desberdintasunak mehatxu bihurtzen ditugu, desadostasunak akats, eta ñabardurak arrisku seinale. Gutxitan entzuten dugu ulertzeko; gehienok pentsatzen duguna berresteko egiten dugu. Hain zabalduta dagoen jarrera honek, elkarrizketa demokratikoa bakarrizketa defentsiboen segida bihurtzen du, bakoitza bere ziurtasunen atzean babestuz. Eta horrela, ideia trukea izan beharko lukeena arrazoi izateko norgehiagoka bihurtzen da.

Epaiketa azkarrek orden sentsazioa eskaintzen dute, baina fikziozko ordena da. Ulertzen ez duguna sinplifikatzen dugu, eta epaiketek pertsonak lauki errazetan, erosoetan eta murriztuetan jartzeko aukera ematen digute. Munduaren konplexutasunaren kontura gure segurtasun psikologikoa babesten duen mekanismoa da. Nahiago dugu bat-bateko ondorioak atera ulertzeko ahalegina egin baino. Erosoagoa zaigu pentsatzea aztertzea baino, etiketatzea elkarrizketan aritzea baino, baztertzea zalantza egitea baino.

Arazoa da ohitura mental hori ohitura sozial bihurtzen dugula. Judizio arinak normalizatzen ditugunean, mesfidantza ere normalizatzen dugu. Ezberdintasunak susmoz eta ez jakin-minez ikusten dituen gizarteak eraikitzen ditugu, non kritikak gogoetarako tresna izateari utzi eta deskalifikaziorako arma bihurtzen den. Apurka-apurka, higatzen ari dena ez da bakarrik gure elkarbizitzarako gaitasuna, baizik eta pentsatzeko gaitasuna.

Agian geure buruari egin diezaiokegun kritikarik handiena aurreiritziaren aurkako borroka aurrez aurre begiratzeko ausardiatik hasten dela onartzea da: onartu jakin gabe ere epaitzen dugula, beldurretik ere jarduten dugula, bide laburra nahiago dugula. Eta, hortik aurrera, erabaki behar dugu ahots automatiko horri men egiten jarraitu nahi dugun edo ahots kontzienteago, deserosoago eta bidezkoago batez ordezteko prest gauden. Benetako heldutasuna norberaren kontra pentsatzen ikastea baita, mundua aldatzeko eskatu aurretik.

Erlazionatuak

Bizi guru berriak

Maitane Rebe Igartua ira 26 Iritzia

Itzalaldia

Maitane Rebe Igartua mai 09 Iritzia