David Heras herritarra izendatu dute Goya sarietarako

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 15a

David Heras (Goya sariarekin, goian, erdian), 2018an, senide eta lagunekin.

Berriki iragarri dituzte Espainiako Zine Akademiak urtero ematen dituen Goya sarietarako hautagaiak, kategoria guztietakoak. Horien artean badago lasarteoriatar bat: David Heras. Efektu bereziekin lan egiten du eta Paul Urkijo zuzendariaren 'Gaua' pelikulan egin duen lanagatik jaso du izendapena oraingoan. Aurreko edizioetan makina bat aldiz izan da hautagai, 2018an garaikurra irabazteraino; orduko horretan 'Handia' filmean aritu zen. Goya sarien 40. aldia da aurtengoa eta sari banaketa ekitaldia otsailaren 28an aurrera eramango dute Bartzelonan. 

Joan den urteko azaroan estreinatu zuten Gaua filma. XVII. mendean girotu du kontakizuna Urkijok: sorgin ehiza betean, Kattalinek ihes egingo du senarrarengandik eta bizitokitik. Basoan ezkutatu nahian ari dela sumatuko du norbait ari zaiola segika eta, bat-batean, hiru emakumerekin topo egingo du arropa ibaian garbitu bitartean. Herriko istorio beldurgarriak kontatuko dizkiote; ohartzerako, kontakizun horien parte bilakatuko da.

Ikus-entzunezko horrek Goya sarietarako bi izendapen gehiago jaso ditu: makilajea eta ile apainketan, batetik, eta jantzitegiaren diseinuan, bestetik. Hilaren 23an herrian emango dute, kultur etxean, 20:00etan.