Aukera handiak zituen. Efektu bereziengatik izendatuta zeuden lau filmetatik bitan parte hartu du. Azkenean, Handia filmaren gau magikoan bere ekarpentxoa egin du David Heras lasarteoriatarrak, beste Goya bat eman baitio euskarazko ikus-entzunezkoari. Verónica filma zen beste filma. TXINTXARRI-k aste honetan egin dio elkarrizketa sarituari.
Lan handia egin du Herasek filmean. Haren efektu bereziek egin dute handi Eneko Sagardoi aktorea, Altzoko erraldoiaren rola bete zezan. Horrez gainera, efektu horien bidez egokitu du pasaia garai horietara, elementu anakronikoak ezabatuta, hala nola, hodiak, elektrizitate posteak...
Filmean parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie Herasek saria jasotzean. "Eskerrak ere filmak ahalik eta onenak egiteko begiak ordenagailuan uzten dituzuenei".
Heras ez da izan filman parte hartu duen lasarteoriatar bakarra. Jagoba Mendizabal aktore gazteak Isidro Eleizegiren (Martin eta Migel Joakin protagonisten anaia txikia) papera egin du.