David Heras: "Helburua da inor ez ohartzea efektu bereziak daudela filmean"

Adrian Garcia 2018ko ots. 2a, 12:30
Goya sarietan bi izendapen jaso ditu lasateoriatarrak. 'Handia' eta 'Verónica' filmeen efektu bereziak zuzendu ditu. Larunbat gauean jakingo da ea saria jaso duen

Ez dago oso urduri David Heras (Lasarte-Oria, 1975), baina baditu horretarako arrazoiak. Espainiako Goya sarietan bi izendapen jaso ditu. Handia filmaren efektu berezien arduraduna da lasarteoriatarra. Beste hitz batzuetan esanda: bera arduratu da Altzoko handia erraldoi egiten. Euskarazko ekoizpenarengatik ez ezik, Verónica filmaren efektu bereziengatik ere jaso dezake saria. "Bost izendapen jaso ditut orain arte, eta zertxobait lasaiago nago. Saria irabazten badut ongi, eta bestela, ez da ezer gertatzen". Larunbat gauean jakingo da ea lortu duen garaikur preziatua.   Informatikaria da ikasbidez, eta zinemazale amorratua. Orain hogei bat urte hasi zen zinemaren industrian lanean, eta gauza asko bere kabuz ikasi behar izan ditu. Madrilen bizi da; telefonoz erantzun ditu TXINTXARRI-ren galderak. 

Handia da Goya sarietako izarra. Hamahiru izendapen ditu, zurea barne. Hitzaldia prestatu al duzu saria jasotzera joan behar izatekotan? 

Ez. Irabazten badut, nahiago dut une horretan bertan pentsatzen eta sentitzen dudana esatea.

Euskal zinema indartzeko garrantzitsua da Handia-k lortu duen oihartzuna. 

Bai. Eta niretzat, euskaldun naizen partetik, oso garrantzitsua da. Oroitzen naiz Garaikoetxea ikastolan Altzora eraman gintuztela erraldoia ikustera; burua lehertu zitzaidan. Txikia nintzen, eta txundituta utzi ninduen. Urte asko geroago Handia-koak etorri zirenean esatera Altzoko erraldoiari buruz film bat egin behar zutela, segundo batean erantzun nien. Ez nekien nola egingo genuen erraldoia, baina nik barruan egon nahi nuen. 

Zure lana ezinbestekoa izan da filmean. Zuk egin duzu handi Altzoko erraldoia. 

Hori zen filmaren erronka nagusia. Eneko Sagardoi ez da pertsona txikia, 1,80 metro inguru ditu. Halere, zaila izan da 2,40 metroko erraldoia irudikatzea. Batez ere, pertsonaia nagusia delako, eta filmaren %80an agertzen delako. Bere plano ia guztiak landu behar izan ditugu. 

Nola handitu duzue erraldoia? 

Bi teknika erabili ditugu. Makillajekoek euskarri batzuk eta plastikozko esku batzuk egin zizkioten, itxura handiagoa emateko. Plastikozko esku horiek erabili ditugu gero besoak askoz ere luzeagoak egiteko. Baina akromegalia dutenek badute beste berezitasun bat: buru oso handia dute. Animazioaren bidez burua handitu diogu, eta masailalboak gehiago markatu dizkiogu. 

Ordezko bat ere erabili duzue, ezta? 

Bai. Saad izena du; 2,30 metro neurtzen ditu, eta jatorra bezain handia da tipoa. Beste pertsonaiekin zuzenean aritzen den uneetan, Saaden burua kendu eta Enekorena jarri dugu digitalki.

Efektu berezien aldetik, zer beste lan egin duzue Handia-n?

Hiru bloke nagusi egin ditugu. Batetik, Eneko erraldoi bihurtu dugu, aipatu ditudan bi teknika horiekin. Bestetik, elementu anakronikoak ezabatu ditugu. Izan ere, 2018. urtean gaude, eta gauza ikaragarri pila daude lehen ez zeudenak, hala nola, hodiak, elektrizitate lineak, antena parabolikoak… Hori guztia ezabatu egin dugu. Eta azkenik, Londres, Madril eta beste hirien irudikapen historikoa egin dugu.

Zein izan da zuen informazio iturria hirien irudikapen historiko horiek egiteko?

Zuzendariek [Jon Garañok eta Aitor Arregik] asko ikertu dute, eta garaiko dokumentazio eta irudi asko aurkitu dituzte. Bestetik, User T38 ekoiztetxean dokumentalista bat dugu, eta oso ondo daki non bilatu guk behar genituen argazkiak. Horrez gain, Charlie, User T38eko efektu digitalen ekoizlea historialari amorratua da; jainko maila duen frikia da.  

Nola egiten duzue lan? Lehenengo filma grabatzen da, eta ondoren jartzen dizkiozue efektu bereziak? 

Hasieran ekoizpen aurreko lan bat dago. Zuzendariek kontatzen digute istorioa zein den, nola kontatu nahi duten, zer motako planoak egin nahi dituzten… Ondoren, azterketa bat egiten dugu, jakiteko zein den grabatzeko modurik onena, arazo teknikorik egon ez dadin gero. Eta azkenik, baldintza horietan filmatzen da. Ni grabazioan egoten naiz, dena ongi egiten dela ikuskatzeko. Hortik aurrera, lan egiten dugu grabatuta dauden irudiekin.

Orduan, oso gertukoa izan behar du zuzendariekiko harremana. 

Noski. Guk argi dugu; etengabeko komunikazio jarioa egon behar du zuzendarien eta gure artean. Soilik modu horretan islatu dezakegu zuzendariek buruan duten ideia. Uneoro hitz egiten dugu. Zer egin nahi dugu? Nola egin nahi dugu? Zer erakutsi nahi dugu? Zein da horretarako modurik onena? Denok bilatzen dugu ahalik eta pelikula txukunena egitea. Ez bakarrik nire efektu bereziei dagokienean; helburua da pelikula osoa ona izatea.

Ekoizpen osteko prozesuak zenbat denbora iraun zuen?

Bi zatitan grabatu da filma. Bloke handiena batetik, eta neguko eszenak, bestetik. Horregatik, ekoizpen osteko prozesua arraro samarra izan da. Hiru hilabetez lan egin genuen hasieran. Gero eten bat izan genuen neguan grabatzeko, eta beste bi hilabetez ekoitzi genuen ondoren. 

Zenbat pertsona aritu zareten lanean filmeko efektu bereziak jartzeko? 

Jende asko; guztira, 30 inguru. Dokumentalistak, makillatzaileak, koordinatzaileak, ekoizleak…

Bikoizketaren antzera gertatzen al da efektu bereziekin? Alegia, oharkabean igarotzea al da zuen helburua?

Bi film mota daude. Batzuetan efektu bereziak elementu nagusia dira, eta pentsatuta daude ikusteko. Esaterako, espazio ontziak edo dinosauroak daudenean. Besteetan, efektu ikusezinak daude, Handia-koak bezala. Kasu horretan, dena ondo dago inor ez bada konturatzen efektuak hor daudela. Batzuetan etsigarria da; Handia-k 450 plano inguru ditu efektuekin, eta helburua da inor ez ohartzea.

Verónica filmaren efektu bereziengatik ere izendatuta zaude Goya sarietara. Oso lan desberdinak dira biak. 

Bai. Kasu honetan badaude efektu ikusezin asko, baina beste asko agerikoak dira. Filmeko fenomeno paranormal guztiak egin ditugu, baita munstroaren irudikapen grafikoa.

Beste euskal filmetan ere parte hartu duzu.

Gero eta lan eskaintza gehiago ditut Euskal Herrian, eta oso pozik nago nire herriaren kulturari laguntzeagatik. Errementari filma bukatu dugu, eta hilabete barru estreinatuko da. Oso istorioa polita, eta lan digital handia du. 600 plano digital inguru ditu; lan asko dago irudiekin. Ezin dut gehiegi kontatu, bestela belarrondoko bat emango didate.

Urte asko daramatzazu efektu berezietan lanean. Nola sartu zinen sektore horretan?

Madrilera 1998. urte amaieran joan nintzen, eta ordutik nabil honetan lanean. Informatika eta diseinua ikasi ondoren, Donostian 3Dko software baten inguruan antolatu zuten lehen ikastaroa egin nuen. Praktikak egin nituen Madrilen, eta ordutik hemen geratu naiz. Asko ikasi behar izan dut nire kabuz.  

Filmetan efektu berezi asko erabiltzen dira. Joera hori indartuko al da zineman hurrengo urteetan? Efektu bereziek istorioa kontatzen laguntzen dute; horiek gabe askotan ezinezkoa litzateke kontakizuna garatzea. Une gozoa bizi du orain efektu berezien munduak, jende guztiak erabili nahi dituelako. Baina ezin da jakin zinemak norantz joko duen. Eta hobe ez jakitea; horrela guk geuk aurkituko dugu. Zineman garrantzitsuena da istorioak kontatzea, eta istorio horiek behar dutenaren arabera laguntzeko egongo dira efektuak.