"Nazioartea gu gara". Mezu argi horrekin ekin zion atzoko solasaldiari Berria egunkariko Mundua saileko editore Arantxa Elizegik, urrutikoa dirudien hori uste baino askoz gertuago dagoela adierazteko. "Inguruan entzuten ditudan komentarioekin, badut sentsazioa orokorrean nazioartea ulertzen dugula urrun dagoen zerbaiten gisan, 'beste horiek' erabaki eta bizi duten zerbaiten gisan. Baina 'beste horiek' gu ere bagara". Alderdi ultraeskuindarren eta faxismoaren gorakadak ere izan zituen hizpide: "Duela urte batzuk ezinezkoak liratekeen ideiak oso zabalduta daude, ez bakarrik AEBetan, baita gurean ere; beste alde batera begira geunden bitartean, eskuin muturra egin da nazioarteko agendaren jabe eta bertako kideek zehazten dute agenda politikoa". Hori ez ezik, "kolokan" jarri dituzte "oinarrizkoak" behar luketen zenbait kontzeptu, kazetariaren aburuz: diplomazia, elkartasuna, komunikazioa, ingurumena, mugimendu zein adierazpen askatasunak, komunitatea, justizia eta bizitza bera.
Oihartzun mediatiko gehiago eta gutxiago dituzten "egunero gertatzen diren genozidioak" aipatu zituen Elizegik, eta baita nazioarteko erakundeek hamarkadaz hamarkada galdu duten sinesgarritasuna azpimarratu ere: "Ez daukagu nora begiratu". Horren aurrean, txikitik eraikitzeko beharra aldarrikatu zuen, Kenia herrialdeko Nairobi hiriburuko zenbait emakumek sortu duten taldea adibidetzat jarrita. "Ez daukate ezer baina komunitatean saretzen ari dira: zabortegiak zirenak garbitzen, merkatu txikiak eta elkarri emandako maileguen bidez eratutako negozioak sortzen... Poliki-poliki handitzen ari dira".
Mapak begiratzeko betaurrekoak
Afrikan dago Kenia. Non geratzen ote da mapan? Ba, segun eta nongoa hartu, segun eta zein betaurrekorekin begiratu, toki batean ala bestean, lurralde horrek berezkoa duen tamainan ala txikiagoan (Mendebaldekoek kartografiatutakoetan, bereziki; Afrika txikitu eta Europa handitzen dute, adibidez). Hitza hartu eta berehala, aulkitik altxa eta antiojoak kentzeko ariketa egitea proposatu zien Txente Rekondok solasaldira bertaratutakoei: metaforikoki batez ere, baina baita literalki ere, zergatik ez. "Garrantzitsua da munduari beste talaia batetik begiratzea". Bidaiatzea eta tokian tokiko mapak begiratzea da nazioarteko analistaren hobbya: zutik egon zen tartetxoan zenbait erakutsi zituen, baita munduaren beste puntako bat ere (gure perspektibatik), Australiakoa.
Bestalde, nabarmendu zuen "aspalditik" zatikatua dagoela mundua eta "indartzen" ari dela polarizazioa, "polo anitz" dituen planeta baterantz goazela iragartzearekin batera. "Polikrisia" izeneko kontzeptua ere azaldu zuen, adierazteko egoera gatazkatsuak bizitzaren esparru guztietara (osasuna, ekonomia, finantzak, politika, alor soziala...) hedatzen ari direla, Mendebaldeko herrialdeek duten "menpekotasun izugarriaren ondorioz".
Munduaren egoera orokorra halakoa da, iluna, eta horrela deskribatu zuten atzo bi adituek. Hori horrela izanagatik, mezu itxaropentsu batekin itxi zuten solasaldia, itxuraz perfektua den mundu borobil inperfektua eraldatzeko gakoa emanda: txikitik eragitea. Ingurukoekin hasi lanean, ados jarri eta elkarren arteko komunitatea trinkotu: "Irtenbidea hurbileko lanetik etorriko da".
