Mari Domingi eta Olentzerori buruzko abestien errepaso ederra egin dute Oriarte Landaberriko kantu jiran. Ikastetxeetako guraso elkarteek antolatu dute ekimena eta LOZETeko buruhandiek ere parte hartu dute. Erdigunea alderik alde alaitzeko asmoa bazuten ere, eguraldiagatik plana aldatu dute; irribarrea galdu gabe, hori bai. Euria eta hotza baino askoz gehiago behar da urteko egun berezienetako batean lasarteoriatarrak euren etxeetan geratzera behartzeko.
Eguerdiko hamabietarako Okendo plazara joan dira, inoiz baino hobeto sartu zaien txokolate beroa (eta bizkotxoak) hartzera. Bien bitartean, Mari Domingi edota Olentzero ikusteko txanda hartuta zuten familiak Antonio Mercero aretora sartzen hasi dira. Biekin kontu kontari aritu dira, eskutitzak eman dizkiete (beste zenbait, berriz, Xixukok bildu ditu kanpoaldean) eta goxokiak, globoak nahiz patxintxiak jaso dituzte trukean.
Arratsaldeko egitaraua, moldatuta
Esan dugu euria eta hotza baino askoz gehiago beharko dela urteko egun berezi honetan herritarrak etxean gotortuta mantentzeko. Horrek ez du esan nahi, halere, guztion erosotasuna eta batez ere osasuna zaintzeko neurriak hartu behar ez direnik. Hori horrela, antolatzaileek erabaki dute bertan behera uztea 17:30ean hastekoa zen desfilea, parte hartzaileak eta ekimen horrez gozatzeko asmoa zutenak hoztu eta gaixotu ez daitezen.
Ikuskizuna egingo dute, 18:00etan, baina ez Okendon, Oriarte Landaberri institutuko patioan baizik.
