Data oso sinbolikoak hurbiltzen ari dira gure kulturan eta gure herrian: badatoz Gabonak. Jai hauek bizitzeko modu asko daude. Pertsona eta bizitza ikusteko dauden adina, seguru asko. Pentsakera mota desberdinak dauden bezainbeste, azken finean.
Festa horietaz modu batera ala bestera gozatzea erabakita ere, badago ahaztu ezin dugun kontu bat: Eguberrien iruditeriaren erdigunean Belen dago, edozein motatako sinesmenik izan ala ez.
Eta gu, Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenaren bueltan antolatzen garen pertsonok, Belen gogoratzen dugu gaur, Belen Palestinan dagoelako.
Bi urte baino gehiago daramatzagu kalera irteten eta Israelgo estatu sionista Palestinaren aurka egiten ari den genozidioa salatzen. Uste dugu zuzenean interpelatzen gaituztela garai hauek eta Palestinara begiratzera bultzatzen gaituztela. Ariketa hori ez dugu egiten soilik edonork eskubidea duelako festa egun hauek aske eta bakean bizitzeko, ospatzeko modua edozein izanda ere; ariketa hori egiten dugu baita ere, lehen esan dugun bezala, Eguberrien iruditeriako erdigunea Belen delako. Eta Cisjordaniako herri hori sionisten jazarpenaren pean dago baita ere.
Gure txikiek abestu eta Mari Domingiren zain dauden bitartean, herriko kaleak apaintzen dituzten argiak liluratuta begiratzen dituzten bitartean, haur palestinarrak oihuka ari dira. Oihuka, Israelgo estatu terroristak eragiten dien min fisiko eta moralagatik.
Sinestunak direlako ala toki horrek duen sinbolismoak eraginda, Beleni abesten diote zenbaitek. Han, Palestinan, negarra egiten diote. Mari Domingirengan pentsatzen dugu guk; beraien helburua egunero bizirautea da, kolonoren nahiz lehergailuren batek edota goseak akaba ez ditzaten. Maite ditugunekin egun hauez gozatzean pentsatzen dugu guk; beraiek negar egiten diete inperialismoak eta apartheidak aldamenetik kendu dizkietenei.
Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko kideok eskerrak ematen dizkiogu TXINTXARRI aldizkariari, tarte honen bidez aukera eman digulako, beste behin ere, bizirauten jarraitzeko helburuz Palestinako herriak egunero aurrera daraman borroka gogoratzeko. Ez dezagun Palestinari buruz hitz egiteari utzi, ez dezagun euren erresistentzia ariketa babesteari utzi; ez dezagun ahaztu Palestinan dagoela Belen.
Urteko garai honetan sartzear gaudela baliatu nahi dugu herritarrei honakoa ohartarazteko: zer erosi eta zer ez hautatzea palestinar herria babesteko beste modu bat izan daiteke, produktu israeldarrak boikoteatuta. Produktu horiek zeintzuk diren identifikatzeko No Thanks bezalako aplikazioak erabil ditzakete edo, bestela, BDZ mugimenduak sarri argitaratzen duen informazioa kontsultatu dezakete. Kontsumitzaile gisa ere Palestina lagundu dezakegu!
Ibaitik itsasora, Palestina libre!