Palestinaren egoerari buruzko lekukotza zuzena jaso dute

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 7a

Adi jarraitu dituzte Fayez Badawi aktibistaren azalpenak.

Fayez Badawi aktibista palestinarra gonbidatu dute Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko kideek Antonio Mercero aretora, herrialde horren aurkako zapalkuntzari buruzko gakoak eta testuingurua emateko. Jakin-min izugarria piztu du ekimenak eta bertaratu direnek goraino bete dute aretoa, eserita ez ezik, solasaldia zutik ere jarraitzeraino. Azalpenak emanda, parean zituenei eman die hitza hizlariak eta gustura entzun eta erantzun ditu ikus-entzuleen ekarpenak. Gaur, etxera bueltan, antolatzaileei eskerrak eman dizkie eta baita herriari ere, Palestinarekiko erakutsitako elkartasunagatik.

"Aprobetxa ezazue aukera, Fayez bezalako militante batekin egoteko aukera ez baitugu egunero izaten". Hitzaldira joandakoak esaldi horrekin animatu ditu Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko kide David Penak, aktibistaren lekukotza entzuteaz gain galderak eta ekarpenak egitera bultzatzeko. Eta baliatu dute abagunea ikus-entzuleek, ordubeteko solasaldiaren ostean bospasei pertsonak hartu dutelako hitza. Batetik, eskerrak eman dizkiote emandako azalpen argiengatik, eta, bestetik, galdera interesgarri ugari egin dizkiote: nolakoa den familia palestinar baten egunerokoa erabat suntsituta dagoen Gazan, Hamas erakundea Israelgo estatuak finantzatuta sortu ote zuten ala ez, oraindik gatibu dituzten lider palestinarrak askatzeko negoziazioak nolakoak izan ote daitezkeen... Batzuentzat zein besteentzat, aberasgarria izan da ekimena eta txalo zaparrada luze batekin estimatu diote palestinar herri osoaren nortasuna gorpuztu Badawiri orain arte egindako lana eta erakutsitako adorea. Horren aurretik, Badawiren beraren hitzak partekatu zituen Penak: "Ez ditut nire amaren eta aitaren ideiak abandonatuko. Ez diot amaren lurraren zati txikienari ere uko egingo. Palestina dira Haifa, Jaffa eta Galilea. Uretatik uretara, libre izango gara, Mediterraneo itsasotik Jordan ibaira". 

Horren adibide, Badawik egindako hausnarketetako bat. "Noski, oso-oso kezkagarria eta larria da Palestinaren gaur egungo egoera, baina badakigu irabazi egingo dugula. Israelgo estatuaren proiektu kolonialista, faxista eta artifizialak ez du etorkizunik. Kontrakoa erakusten saiatzen diren arren, gero eta okerrago daude". Hari horretatik tiraka esplikatu du palestinarren aurkako egitasmo inperialista ez zela 1948an hasi, Israel sortu zutenean, baizik eta 1917an, Balfour-eko akordioa sinatu eta lurralde hori kolonizatzen zuen Erresuma Batuak adierazi zuenean bertan ezarriko zutela judutarren herrialdea. "Orduan hasi zen gure drama". Beste mugarri historiko ugari esplikatu ditu, gatazka testuinguruan jartzeko.

Mediterraneo itsasotik, Jordan ibaira

"Hilda egonik ere ez nuke errekonozituko Israelgo estatua", adierazi du Badawik, argi eta garbi. Horregatik, "erabat zentzugabea" iruditzen zaio bi estatuen konponbidea, historikoki Palestinarena den lurraldea zatituta. "Palestinaren etorkizuna bertako herritarrok erabakiko dugu eta hauxe da aukera bakarra: Mediterraneo itsasotik Jordan ibaira aske izango den Palestina eta Jerusalen hiriburu izango duena. Ez dugu beste kapitalik onartuko". FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontean aktiboki militatu izan du, baita armak eskuetan hartuta ere, eta, besteak beste, eragile horren Europako bozeramailea izan da. Zeregin horretaz erretiratuta badago ere, han eta hemen hitzaldiak ematen jarraitzen du, palestinarren egoera eta indarra ikusarazten. Atzokoarekin, 121 solasaldi eman ditu jada.

Kontzeptu horren adiera zabalenean, herriarengan erabateko konfiantza duela garbi adierazi du Badawik. Agintariengan, ordea ez. Mendebaldekoengan, bereziki. "Hipokrita hutsak dira eta urteotan guztiotan erakutsi dute Zuzenbide Internazionalak ez duela ezertarako balio, ez behintzat gu babesteko. Interesatzen zaienean soilik erabiltzen dute". Palestinarrek "etengabeko desengainuak" pairatu dituzte potentzia horien partetik, eta, horregatik, palestinar herriak bere burua babesteko eta "kosta ala kosta" bizirauteko duen eskubidea aldarrikatu du, "estatu genozida batek gorpuzten duen proiektu inperialista baten aurka" ari direlako borrokatzen.

 

12 urtetatik militatzen

Badawiren familia 1948an kanporatu zuten Palestinatik, urte horretako Nakba-n, arabiarrez hondamendia esan nahi duen horretan. Israelgo estatu sortu berriak, berau eratzen lagundu zuten Mendebaldeko potentzia ugariren laguntzarekin, milaka eta milaka palestinar erail eta bidali zituzten eurenak ziren lurretatik. Zazpi urte geroago jaio zen bera, Beirut (Libano) ekialdeko Tal al-Zaatar errefuxiatuen kanpalekuan. 12 urte zituenean hasi zen militatzen, Libanoko polizia agente bat ikusi zuenean gazte palestinar bat kolpatzen; palestinar erresistentziari buruzko paskinak erori zitzaizkion. 

Antonio Mercero aretoko hitzaldiari ekin aurretik, TXINTXARRI aldizkariak aukera izan zuen Fayezekin elkartu eta elkarrizketatzeko. Datozen egunetan argitaratuko dugu elkarrizketa, atari digitalean nahiz paperean.