Kirol ekimen ezagun eta zirraragarria izateaz gain, herria egiten duen jarduera da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Sustatzen ditu kirola bera, elkartasuna, tokiko merkataritza... Lasarte-Oriako mugez harago iristen den ekimena da eta, aurtengoa, Palestinaraino heldu da, solidaritate olatu handi baten bidez: 1 zenbakidun dortsala Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko kideek eraman dute, pozik eta harro. Ibilbidea osatu eta Geltoki kaleko zuzengunera iritsi direnean, dozenaka herritarrekin elkartu eta batera zeharkatu dute helmuga, Palestina askatzeko aldarriak oihukatzearekin batera. Eskobako kideak ere beraiekin iritsi dira.
Helmuga makina bat aldiz zeharkatu duen herritarra izan da Fede Otaegi Fino, berriki joan zaiguna. Makina bat edizio jokatu zituen eta antolatzaileei ere gogotik lagundu zien, ahal izan zuenera arte. Horregatik, 10:30ak baino lehenxeago minutu bateko isilunea egin dute irteera lerrora bertaratu diren partaide, boluntario, dantzari eta txistulariek. Zabaletan auzotar izan dituen zenbaitek Fede beti gogoan kamiseta zuriarekin egin dituzte hamar kilometroak. Horren ostean, Aurreskua dantzatu dute dantzari gazteek eta 10:30ak jo berritan abiatu dira lasterkariak aurrena eta ipar martxalariak ondoren.
Emozioz betea izan da lasterketa eta kategoria bakoitzeko irabazleak metro gutxiren faltan erabaki dira. Tantaka-tantaka heldu dira helmugara Juan Boyero, June Agirrezabalaga, Eneko Gallardo eta Ainhoa Heredero. Aurreneko biak gizonezko eta emakumezko lasterkari bizkorrenak izan dira, eta beste biak, gizonezko eta emakumezko ipar martxalari azkarrenak. Horiek guztiek eta askoz partaide gehiagok (kategoria bakoitzeko bigarren eta hirugarrenek, lasarteoriatar azkarrenek...) Okendo plazan jaso dituzte sariak Ostadar SKTko antolatzaileen eskutik. Norbera bere etxera joan aurretik, talde argazkia atera dute.
