Euskal Herriko mugimendu ekologistak 2022an egindako hausnarketa eta eztabaidatik ondorioztatu zuen, zerbait berria eta bateratua egiteko beharra zuela. Une horretan, "beharra baieztatu" zuten, baina ez zuten erabaki eragile berri bat sortu edo jada zeudenen arteko koordinazio berri baten alde egingo zuten. Udan egindako Haien luxua gure faktura kanpainaren ondoren, iraila-urrian berriro heldu zioten hausnarketa estrategikoari, aurtengo martxoa arte luzatu dena. Eragile berri baten alde egitea erabaki zuten eta maiatzean aurkeztu zuten orain tokian toki ezagutarazten ari diren Jauzi Ekosoziala.
Gizarte mugimendu kultural eta ekintzailea da, Hego Euskal Herriko ekologismoa jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa ematea bide duena. Ekosoziala, krisi ekologikoa soziala ere badelako, sozioekonomikoa bai kausetan bai ondorioetan. "Denontzako etorkizun desiragarria eta bizigarria izateko trantsizio ekosozial justua" nahi dute, horretarako ekologia kezka sozialen erdigunean jarriz eta pauso errealak emanez.
Xede du "larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko Euskal Herrian justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzeko, horretarako borroka kulturala disputatuz eta gehiengoak artikulatuz". Bide horretan, hiru helburu nagusi ere zehaztu zituzten: trantsizio ekosozialaren gaineko gogoeta zabaltzea, ekologismoaren zeharkako lanketa gainerako eragile eta borroka sozialekin, eta alternatiba bizigarriak proposatzea, erresistentzia eta proiektu zehatzen kontrako logikatik haratago,
Lehen bilerak egiten ari dira egitasmoa ezagutarazteko eta beren nahia Donostialdean edo Buruntzaldean talde bat osatzea da. Horretako, hilaren 28an bilera egingo dute Xirimiri elkartean eta beste herrietan aurkezteko dute beraien proposamena.
Bertaratu direnei banatutako eskuorrian, Jauziri Ekosozialaren helburuekin batera, bere izaera definitzeko zenbait gako jaso dituzte:
JAUZI
- Hegemoniari lehia: Euskal Herriko ekologismoan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko nahia,
- Eraldatzailea: Salatu eta proposatu. Etorkizuneko Euskal Herri bizigarrien aldeko alternatiben eraikuntzan urratsak egitea.
- Aktibismo berritzailea: Borroka moldeak deseraiki, apurtu eta desnormatibizatu, mundu berri baterako ekintza berriak behar dira.
- Zorroztasuna analisian: Errealitatearen analisi zorrotz eta konplexua, diagnosi zehatzak egin eta estrategiak pentsatzeko.
EKO
- Larrialdian gaude: Krisi ekosozialari modu transbertsalean aurre egin, krisia anizkoitza baita.
- Etorkizun bizigarria: Trantsizio ekosoziala indarrez bultzatzeko garaia, lapurtu digutena berreskuratzeko.
- Desazkundea: Bizitza bizigarriagoak posible egiteko aukera, trantsizio justu baten eskutik inor bidean geldi ez dadin.
- Burujabetza: Herri bezala ura, elikagaiak eta energia sortzeari, banatzeari eta kontsumitzeari buruz erabakitzeko eskubidea. Hartutako erabakiak gure baldintza ekologiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletarako egokiak izan daitezen, betiere, hirugarrenak kaltetu gabe.
SOZIALA
- Justizia soziala: Kontzientzia ekosoziala handitu, Kapitalismoa eta Neoliberalismoa krisi ekologiko eta sozialaren erantzule gisa aipatuz, eta bizitza erdigunean jarriko duen paradigma berri bati bide eman behar dion sistema gisa.
- Pentsatu global: Herrien arteko elkartasuna sustatu, Euskal Herrian eragitea helburu izan arren, horrekin ez delako munduaren biziraupena bermatuko.
- Ekofeminismoak: Etorkizun desiragarria bilatzen duen ekologismoa lantzen dugu. Bizitza guztiak erdigunean jarriko dituen zibilizazio berri hori sortzeko.
- Bortizkeria eza: Jauziren ekintza oro bere balio taktiko eta estrategikoaren arabera baloratuko dute, pertsonen kontrako inolako bortizkeria fisikoa gaitzesgarria eta kaltegarria deritzote.