Mirentxuko aretoa bete egin zen. Lagunek eta senideek aulki guztiak okupatu zituzten. Bien bitartean, sei bertsolari gazteak ondoko sala batean zeuden; urduri, baina gogotsu, bertsotan hasteko irriketan. Ordulariak seiak zirela adieraztean, euren lekuak hartu eta Olatz Zuazubiskar aurkezleak eta gai jartzaileak saioari hasiera eman zion. Salaren erdialdean kokaturik, bertso oro tentuz entzuteko prest agertu ziren epaileak, hots, Unai Munian eta Amaia Otxotorena. Boligrafoa eta koadernoa esku artean, notak hartzen aritu ziren kasik bi ordu iraun zituen saioan zehar.
Agur bana eginez ekin zioten lanari. Binaka eta bakarka bota zituzten bertsoak, neurri askotarikoak; zortziko txikikoak, hamarreko handikoak edota hamarreko txikikoak, besteak beste. Nahi baino gehiago eragin zien bertsolariei urduritasunak. Alabaina, euren artean animatzen ere aritu ziren hitz goxoak esanda, bertsolari batek mikroa utzi eta eserlekua hartzean.
Proba puntuagarrian, gaiak orotarikoak izan ziren: adimen artifiziala eremu akademikoan erabiltzea, Gabonak lagunekin edo familiakoekin pasatzearen afera, sare sozialetan egunerokoa partekatzea, amonaren herentziarekin zer egin, sukaldaritza ikastaroan izena emandako pisukideak eta lagunak ordaintzean afaririk garestiena eskatzea. Azken proba puntuagarrian, bakarka aritu ziren. Zuazubiskarrek hitz bana eman zien, eta haren inguruan bertsoa osatu behar zuten. Iluntasuna, azoka, sarea, bidea eta ispilua.
Bildutako puntuekin, Gallastegi eta Arabaolaza sailkatu ziren buruz burukora. Gipuzkoarra hasi zen probarekin. Gaia honako hau izan zen: "Urte hasieran egin zenuen urte honetan bete nahi zenukeenaren zerrenda. Pozik zaude egindakoarekin?". Neurria eta doinua norberak aukeratu du.
|
Arabaolaza Urte hontako zerrenda |
Gallastegi Idatzi nauen eta irakurtzeko
|
Epaileek erabakia agurren aurretik ezagutarazi zuten. Arabaolaza izan zen txapelduna, eta Gallastegi txapeldunordea. Garaileari 400 euroko saria, oroigarria eta zapia jarri zion Imanol Lizardiren alargun Ana Eizmendik. Txapeldunordeari, berriz, 200 euroko saria eta oroigarria zioten. Udaleko ordezkari Goizaldi Pildain eta Haritz Salaberria ere aritu ziren sariak banatzen. Jarraian, luncha egin zuten.