Aitortza hori jaso bezperarako eta hurrengo egunerako programatu dituzte Lasarte-Oriako paseak. Aurrenekoan, kultur etxeko auditorioan 20:00etatik aurrera egingo duten horretan, Mendioroz eta Garzes bertaratuko dira, proiekzioa bukatu ostean bertaratu diren ikus-entzuleekin hitz egitera. "Galderak badituzte, gustura erantzungo ditugu", adierazi du zuzendariak, udaleko Kultura saileko zinegotzi Ainara Elicechearekin batera gaur egin duen agerraldian. Bigarren emanaldia toki berean izango da baina ordu erdi lehenago hasiko da, 19:30ean. Baterako zein besterako sarrerak sarean nahiz kultur etxeko leihatilan eros ditzakete herritarrek, 6 eurotan.
Azaldu du "duela hiruzpalau" urte ekin ziola proiektuari, orduan jarri zela gerora gidoigilea izango zen herrikidearekin harremanetan, Iriondori buruz ikertu eta "zer kontatua" bazegoela egiaztatu ostean: "Lurdesek egindakoa era zaharkituan kontatua izan da, Frankismo garaietako klitxeak etengabe errepikatuta: neska gaztea, xaloa, txuri-beltzeko irudiekin eta beti Ez Dok Amairu taldeko ibilbidearekin konektatuta. Eragile hori sortu aurretik hasi zen bakarlari gisa abesten eta elkartu zirenean bera zen kide ezagunena eta proiektuaren sustatzailea. Gainera, musikan ez ezik beste kultura alor batzuetan ere izugarrizko lana egin zuen, hala nola antzerkigintzan edota literaturan, haurrei zuzendutakoan batez ere".
Artista urnietarraren biografia lanera ekartzearekin batera, beste kontakizun paralelo batekin josi dute dokumentala: "Gure buruei galdetu diegu ea zergatik Lurdes bera eta bakoitza berean erreferente den emakume gehiagoren jarduna ez diguten erakutsi beste kulturgile garrantzitsu askorena bezala; nolatan geratu diren ahaztuak". Horretarako, erreferentziazko zortzi emakume elkarrizketatu dituzte: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Patxika Erramuzpe Alfaro, Mariasun Landa Etxebeste, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Ana Guadalupe Fernandez Bilbao eta Jule Goikoetxea Mentxaka.
Lurdes Iriondo, "ezagutu beharrekoa"
Elicecheak eskerrak eman dizkie Mendiorozi eta Garzesi "egindako lanagatik", baita "sentiberatasunagatik eta euskal kulturarekiko konpromisoagatik" ere. "Harro" daude egitasmoa Lasarte-Orian jaio izanaz: "Bi lasarteoriatarrek sortu eta ondu duten dokumentalaren bidez, herritar guztiak gonbidatzen ditut Lurdes Iriondo eta bere ondarearen berri izatera; herri gisa dugun oroimen kulturalaren barruan, ezagutu beharreko pertsona da".
Udaleko Kultura saila osatzen dutenei "funtsezkoa" iruditzen zaie gisa horretako lanak ezagutaraztea, "erreferente izan diren eta diren emakumeen ibilbidea" herritarren eskura jarrita. Artista urnietar hori "ausarta eta konprometitua" izan zela nabarmendu du zinegotziak, "bere ahotsaren bidez euskal musika aldatu zuena".
Hego Euskal Herriko zinema aretoetan
Irail erdialdean estreinatu zuten dokumentala, Donostiako Zinemaldiaren barruko Zinemira atalean. Proiekzio berezi bat ere egin zuten Urnietan, Iriondoren jaioterrian, protagonistaren ahaide eta lagunen aurrean. "Asko gustatu zaie eta oso pozik gaude horregatik". Geroztik, lanak bidea urratzen jarraitu du eta etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Ipar Euskal Herrikoetan, berriz, datorren urteko urtarrilean.
Horrez gain, gaur bertan baieztatu dioten albistea partekatu du Mendiorozek agerraldian: Eusko Ikaskuntzak ematen duen Baiona Hiria Euskal Kulturaren Saria jasoko dutela hilaren 22an. Asmo horrekin eratu zuten ikus-entzunezkoa, eta, hilabeteotan izandako bilakaeragatik, garbi dago lasarteoriatarren lana ez dela alferrik pasako.