Erreferentziazko kultur hitzorduak iragartzeko modua berritu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

Ezker-eskuin, agenda berrituarekin: Idoia Zabaleta, Ainara Elicechea eta Isa Lopez.

Proposamenez josi dute hilabete honetako agenda, Udaleko Kultura departamentuko zinegotzi Ainara Elicecheak adierazi duenez. "Argiagoa, modernoagoa eta eskuragarriagoa" izateko xedez, berritu egin dute hitzorduak iragartzeko euskarria. Antolatu dituzten ekimenen artean bat nabarmendu dute: hilaren 15eko 23. Nazioarteko Akordeoi Jaialdia, Zero Sette orkestrak 2004tik urtero antolatzen duena.

Eragile horretako kide Idoia Zabaletak eta Isa Lopezek azaldu dituzte Lasarte-Orian bakarrik ez, bere mugetatik kanpo ere erreferente bilakatu den jaialdiaren nondik norakoak. Hasieratik hasi dira, aurreneko edizioa gogoratuta: 2004ko ekainaren 26an aurrera eraman zuten, urte horretako San Pedro Jaien egitarauaren barruan. Lau talde etorri ziren kultur etxera: G. Rossini orkestra italiarra, Oker folk taldea, jazza eta folka uztartzen zituen UHNE eta Zero Sette bera. Hementxe dituzue zenbait argazki, aurkezpen agerraldikoak nahiz kontzertuetakoak, baita ikus-entzuleek jarduerari egindako harrera beroarena ere. 

Bi hamarkada igaro badira ere, helburu nagusiak ez dituzte aldatu Zero Settekoek: batetik, akordeoia ezagutarazi nahi dute, instrumentu horren doinuak entzutean "harritu" egiten direlako ikus-entzule asko; eta, bestetik, "nazioartetik datozen punta-puntako interpreteen topaleku" izatea. Zabaletak eta Lopezek gehitu dute "eredu" bilakatu dela jaialdia, "kalitate artistikoagatik eta jarraikortasunagatik", izan ere, munduko beste zenbait topaketa antolatzeari utzi diote. 

MoldoDuo eta bi akordeoi ikasle

Errepaso orokorraren ostean, aurtengo jaialdiari buruzko xehetasunak eta berrikuntzak esplikatu dituzte. Radu Ratoi akordeoi jotzaileak (2022ko jaialdian parte hartu zuen) eta Stefan Diaconu flauta jotzaileak osatzen duten MoldoDuo bikotea etorriko da, "punta-puntako taldea". Bestalde, eta hauxe da 23. edizioko berrikuntza nabarmenena, Euskal Autonomia Erkidegoko kontserbatorio profesional ugaritako ikasleak eta irakasleak etorriko dira jardueraz gozatzera. Are gehiago, bi estudiantek kontzertuak emango dituzte: Donostian ikasten ari den Oliver Cabrerak eta Bilboko zentrotik etorriko den Urtzi Larrabeitik. Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da emanaldia eta 18:30ean hasiko da. Sarrerak doakoak dira baina bertaratu nahi dutenek aurrez erreserbatu beharko dituzte kultur etxean bertan. 

Berrikuntzez hitz egiten hasita, datorren urteko jaialdian egingo dutena aurreratu dute. Etorriko diren gonbidatuek euren talentua erakusteko denbora gehiago izan dezaten (ordubete), ekitaldia bitan banatuko dute: aurreneko zatia apirilaren 18an egingo dute, eta bigarrena, azaroan (data zehazteke dute oraindik). "Aurreneko edizioetan launa talde gonbidatzen genituen eta horietako bakoitza hogei bat minutuz jarduten zen. Ondorengoetan bi izan dira eta 40 minutuz aritu izan dira".

2026tik aurrerako ekimenetan kontserbatorioetako beste ikasle batzuek jotzeko aukera izango dutela ere iragarri dute, aurten berrikuntza izango den hori finkatzeko asmoz. "Formatu bitartean ez dituzte aukera gehiegi izaten zuzenean jotzeko, eta uste dugu beraientzat motibagarria izan daitekeela gure jaialdian aritzea". 

Elicecheak azaldu duenez, batez ere Arabako eta Bizkaiko kontserbatorioetatik etorriko direnei bidaia errazteko, garraiobidea udalak berak ordainduko du. Hori esanda, herritar oro gonbidatu du hilaren 15eko 23. Nazioarteko Akordeoi Jaialdiaz gozatzera.

Agenda berritua

Aipatu jaialdi hori eta hilabete honetako beste hitzordu iragartzen dituen kartel berria ere aurkeztu dute agerraldian. Udaleko Kultura zinegotziaren hitzetan, euskarria "irisgarriagoa, modernoagoa eta eskuragarriagoa" da. Jarduerak "bloke bereiztuetan" antolatu dituzte eta horietako bakoitza "ikusgarriago" bilakatu dute, tipografia aldatuta eta zenbait elementu bereizgarri txertatuta, hala nola argazkiak eta ikonoak. "Aldaketa horiek guztiak egin ditugu eta orain udalaren identitate bisualarekin koherenteagoa da baliabide hori". 

Hilabete honetatik aurrerako agendak, beraz, euskarri horren bidez iragarriko dituzte eta paperean nahiz sarean kontsultatu ahalko dituzte herritarrek. Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Elicecheak hilabete honetako beste zenbait hitzordu nabarmendu ditu: Goiko Gela taldeak elebitan emango duen gospel kontzertua; Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalaren herriko estreinaldia; edota Jalgune elkartearen jaialdia.

Erlazionatuak