Salatu dute "medikurik gabeko lasarteoriatar gehiegi" daudela oraindik ere

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 23a, 11:00

Agerraldira bertaratutako dozenaka herritarrek txaloka eskertu zituzten LOOPA plataformako kideek emandako azalpenak.

Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean parte hartu eta hamar egun geroago dozenaka herritar elkartu zituen atzo LOOPA plataformak, osasun zentroaren atarian, eragile horretako kideen (eta bizilagun askoren) kezka iturri den eraikinean. Anbulategiaren egoerak "hobera" egin duela esan zuten arren, horregatik sentitzen duten poza "errezeloz betea" dagoela gaineratu zuten: "Aurrekariak kezkagarriak dira eta zalantza asko sortzen zaizkigu".

"Pasibotasunak" sendatzen ez duela sinetsita, aurkako jarrerari eusten diote Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) herri plataformako kideek: han eta hemen aldarrikatzen, mobilizatzen eta esplikatzen jarraitzen dute, herritar ororen eskubide unibertsaletako bat dena pribatizatzearen aurka eta kalitatezko sistema publiko baten alde. Horrez gain, udalerriko osasun zentroaren egoera gertutik jarraitzen dute.

Azken horri lotuta, atzo arratsaldeko agerraldian adierazi zuten "hobera" egin duela egoerak, "normaltasun minimoa izan beharko lukeenera hurbilduta". Horregatik poztu egin badira ere, "alerta egoeran" jarraituko dute, "medikurik gabeko lasarteoriatar gehiegi" daudelako oraindik ere: anbulategiak dituen 12,5 kupo medikuetatik bat hutsik dago oraindik, eta, beste bi, erdizka. "Hori guztia bajak, baimenak eta horrelakoak kontatu gabe". 

Hori dela-eta, sentitzen duten poza "errezeloz betea" dago. Mesfidati begiratzen diote osasun zentroaren egunerokoari, aurrekariak "kezkagarriak" direlako eta "zalantza asko" dituztelako: "Lanpostu batzuk beteta egoteak noraino ziurtatzen du, praktikan, kupo bakoitzaren kargura profesional bat egotea? Zer berme daukagu toki horien egonkortasunaz? Nork ziurtatzen digu profesional horiek epe labur edo ertainean beste leku batzuetara ez direla joango?". 

Eusko Legebiltzarreko agerraldia

Atzo arratsaldean osasun zentro atarian espikatu zutenaren zati handi bat Gasteizera eraman zuten hamar egun lehenago, zehazki, Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordera. Maiatzaren 16an agerraldi bat eskatu zieten plataformakoek arduradunei eta bost hilabete geroago izan dute bertan aritzeko aukera. "Helburua zen Legebiltzarrari eta, oro har, osasun agintariei, gure herrian Lehen Arretak pairatzen duen muturreko egoera helaraztea". Hori kontestuan jartzeko, plataforma sortu zuenetik gauzatutako ekintzen eta "arretarik gabeko egoeraren" errepaso kronologikoa egin zuten, arreta berezia jarrita "krisi egunean", martxoaren 19an: egun horretan mediku bakarrak egin zuen lan osasun zentroan.

Urte eta erdi horretan bizitakoaren haritik, hiru kontu aipatu zizkieten Osasun batzordeko ordezkari politikoei: gardentasun falta, beldur giroa eta Arartekoaren iritzia. Aurrenekoari dagokionez, anbulategiko aldaketei buruzko informaziorik ez ematea leporatu zieten arduradunei. Bigarrenaren kasuan, osasun langileen artean dagoen izua salatu zuten, konstantzia baitute beharginei "jarraibide batzuk" eman dizkietela euren eguneroko lan egoerak ez zabaltzeko. Hirugarrenik, herritarren defendatzailea denak emandako erantzuna "argigarria" izan zela adierazi zuten: duela hiru urtetik direla "Osakidetzaren egoera larriaren" jakitun, baina agintariek ez dutela artean "norabidea zuzendu".

Horren guztiaren ondorio gisa, kudeatzaileei "kreditua amaitu" zaiela garbi utzi zuten Osasun batzordean. Bidenabar, "egoera bideratzeko" neurri batzuk jarri zituzten mahai gainean: Lasarte-Oriari esleitutako profesional guztien kupoak "etengabe eta modu egonkorrean" beteko direla ziurtatzea; baja, lanaldi murrizketa, baimen eta bestelakoak "beti" ordezkatuko dituztela ziurtatzea; Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuko zentro guztietan giza baliabideak "ekitatez" banatzen dituztela bermatzea; eta "gardentasun ariketa" egitea, erabiltzaile guztiei dagozkien kupoetako taldeetan gertatzen den edozein aldaketaren berri emanda.

Bukatzeko, honako hausnarketa hau egin zuten atzoko agerraldian: "Osasun politikaren marko orokorra begiratzen badugu, agintarien aldetik ez dugu inongo asmorik ikusten osasun publikoaren pribatizazio politika aldatzeko". Horren adibidetzat jarri zuten Lehen Arretako Osakidetzako zuzendaritzak iragarritako eredua jarri zuten. Horren arabera, "familien osasun erreferentea erizaina izango da eta ez familia medikua".