LOOPA plataformako kideek Eusko Legebiltzarrera eraman dute gure herriko osasun zentroaren egoera

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 13a, 19:03

LOOPA plataformako kide Begoña Castro (erdian), taldekide duen Pello Sanchezen azalpenak entzuten. Argazkia: Eusko Legebiltzarra.

Udalerriko osasun zentroaren egoeraz kezkatuta jarraitzen dute Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformako kideek eta, norabide horretan, horri buruz ahal duten foro gehienetan hitz egiten ari dira. Eusko Legebiltzarrera joan dira gaurkoan eragile horretako bi lagun, Begoña Castro eta Pello Sanchez, Osasun batzordean parte hartzera. Jakin ahal izan dutenagatik anbulategiaren egoera "nabarmen" hobetu da udaratik hona. "Poztu" egiten ari diren arren, "errezeloz" begiratzen diote etorkizunari eta Osakidetzako arduradunen kudeaketa bi hitzetan laburbildu dute: "Gardentasun falta".

Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuaren sistemaren barruan dago Lasarte-Oriako osasun zentroa. Ia 20.000 biztanleri zerbitzua ematen die eta, horren barruan, Lehen Arretako Zerbitzua "funtsezkoa" da, beste batzuen artean. Alor horrek azken urteetan izan duen "gainbeheragatik" oso arduratuta daude LOOPA plataformako kideak eta horren berri eman dute gaur Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren barruko Osasun batzordean. Kronologikoki azaldu dituzte orain arte egindako urratsak eta eskuratu ahal izan dituzten datuak eta bereziki azpimarratu dute aurtengo martxoaren 19a, "krisi eguna", gure herriko biztanleek anbulategian mediku bakar bat izan zutenekoa. 

Biztanle kopuru jakin hori izateagatik gure herriko osasun zentroak 12,5 kupo mediku ditu esleituta. Arestian aipatutako egun horretan bakarra zegoen beteta baina gainerako hilabeteetako egoera ez da askoz hobea izan, Castrok eta Sanchezek adierazi dutenez. "Alkatea elkartu zenean Osakidetzako zuzendaritzako zenbait ordezkarirekin, jakin genuen lau toki hutsik zeudela eta beste bitako langileek ordezkatuak izan ez ziren iraupen luzeko bajak zituztela. Horri, geroxeago, beste bat gehitu zitzaion eta bizilagunon % 56a zegoen medikurik gabe", gogoratu dute. "Zein izan da agintarien kudeaketa egoera horretara iristeko?", galdetu dute segidan.

Udatik hona, egoera "hobea"

Iraileko udalbatzarrean azalpen gehiago eman zituen alkateak eta horiek entzundakoan jakin zuten LOOPAko kideek "hobea" dela orain osasun zentroaren egoera, bai behintzat aipatu kupo horien betetze portzentajeari dagokionean: 12,5etik hamar. Edonola ere, "errezeloz" begiratzen diote egoerari, ez direlako fidatzen egoerak izan dezakeen bilakaeraz. "Tokiak beteta egonda ere, nork ziurtatzen digu arreta kalitatezkoa izango dela? Zein da horretarako bermea?".

Horri lotuta, Osakidetzako arduradunen azken urteetako kudeaketa kritikatu dute, "bi hitzetan" laburbilduta: "Gardentasun falta". Lasarte-Oriako biztanleek "egoera ziurgabeak" bizitzen dituztela jakinarazi diete batzordean bildutako ordezkari politikoei, ez dutelako osasun zentroko lantaldeko aldaketen eta bestelako ohartarazpenen berri izaten: "Entzun izan ditugu 'ea zein mediku tokatzen zaidan gaur' eta horrelako esaldiak erabiltzaileen artean". Horri lotuta, nabarmendu dute baita ere zer-nolakoa izan den osasun zentroko langileen artean antzeman duten "beldur giroa", bertako funtzionamenduari buruzko lekukotza eske joan direnean LOOPAko kideak. "Anonimotasuna mantentzea exijitzera ere iritsi izan dira testigantzen zatiak erabili ditugunean gure mobilizazioetan. Horri lotuta, uko egin izan diote pankartak heltzeari edota komunikatuak irakurtzeari. Oso txarrerako harritu gaitu horrek". 

Azalpenak azalpen, eskaera jakin batzuk ere egin dizkiote Osakidetzako arduradunei: Lasarte-Oriako osasun zentroko kupoak uneoro beteta daudela berma dezatela; sor daitezkeen bajak, murrizketak... behar bezala ordezka ditzatela; Donostiako ESI sisteman integratuta dauden osasun zentro guztietan "ekitatiboki" bana ditzatela giza baliabideak; eta erabiltzaileei aldaketei buruzko informazioa ematearekin batera, anbulategi horretako egoeraren berri "erregularki" eman dezatela.

Elena Lete jeltzaleak gidatutako saio horretan izan dira alderdi politiko ugaritako ordezkariak. LOOPAko kideen azalpenak entzun dituzte eta eztabaidan parte hartu dute PPko Laura Garridok, PSE-EEko Adrian Fernandezek, EH Bilduko Rebeka Uberak eta EAJko Olatz Peonek. 

Gaurko agerraldia burututa, LOOPAko kideek iragarri dute batzordeak emandakoari eta osasun zentroaren egoerari buruz hitz egiteko balorazio agerraldi bat egingo dutela udalerrian. Eguna, tokia eta ordua ez dituzte zehaztu oraindik.