Osakidetzako zuzendaritzarekin alkateak egindako bilera baloratu du LOOPA plataformak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 6a, 10:31

LOOPA plataformakoek egindako mobilizazioetako bat.

Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde eragileko kideek lanari berrekin diote asteotako opor egunen ostean, eta, besteak beste, udalerriko nahiz Osakidetzako arduradun nagusiek izandako bileraren gaineko gogoetak partekatu dituzte TXINTXARRI-ko erredakziora bidali duten gutun baten bidez.

"Gure udalerrian Osasun Lehen Arretak pairatzen duen egoerari larritasuna arindu nahian edo, gurean medikurik ez izatea arazo orokor baten baitan kokatu behar dela esaten digute. Eta froga moduan, datu hau ematen da: gure herrian bete gabe dauden 5 plazak Autonomia Erkidegoan hutsik dauden 50 plazen parte dira. Horren aurrean, eta egia izanik Osasun Publikoak pribatizazio-politikaren ondorioz izan duen narriadura orokorra dela, azpimarratu behar dugu Lasarte-Oriako egoerak muturreko larritasun maila bat erakusten duela. Zenbakiek frogatzen dute hori: 20.000 biztanle baino zertxobait gutxiagorekin, Lasarte-Oriak Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 0,8 baino ez izan arren, hala ere, plaza mediko hutsen % 10 du. Aldea eskandalagarria da! Oso larria iruditzen zaigu, eta baita amorragarria ere. Argi dago Osakidetzako Zuzendaritzak aurrera eraman duen pertsonalaren plangintza negargarria izan dela oro-har, Lasarte-Orian eraginkortasun ezaren goreneko maila lortuz. Baten batek kontuak eman beharko lituzke.

Osoko Bilkuran emandako beste datu batek berresten du kudeaketa txarraren ideia hori: 2024aren amaieran amaitu berri den plazak egonkortzeko LEPan, mediku batzuek gaur egun duten plaza prekarioan interino moduan jarraitzea nahiago izan dute, Lasarte-Oriara etorri eta jabetzan plaza finko bat bete baino. Hau ez da kasualitatea. Galdera esan gabe doa: zer nolako kudeaketa mota egin da gure herriak horrelako errefusa sortzeko? Azalpen moduan edo, arratsaldeko plazek medikuengan sortzen duten arbuioa aipatzen da. Zer esan nahi du horrek?Hutsik dauden 5 plazak arratsaldekoak direla? Eta, hala izango balira ere, beste udalerrietan ez da gaitzespen hori ematen eta, horregatik, badituzte medikuak arratsaldez? Egia esan, aitzakia iruditzen zaigu dena. Osakidetzaren zuzendaritzak gure ustez Lasarte-Oriari zor dion azalpenaren zain gaude. Ala, zer? Beste udalerri batzuetara joan beharko dugu erroldatzera medikua eduki ahal izateko?

Baina arazoaren muinera joz. Osoko Bilkuran entzundakotik funtsezko ondorio bat ateratzen dugu: Osakidetzako Zuzendaritzak ez du inolako neurririk aurreikusita Lasarte-Oriako herritarrek pairatzen duten osasun-arretarik gabeko egoera larriari zentzuzko erantzun bat emateko. Hau da, ez dago inolako borondaterik pairatzen dugun arreta falta nolabait arinduko duen Talka Plana ezartzeko, Plataforma honetatik eskatzen dugun moduan.

Aitzitik, maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran ebatsiko den LEP berri batez hitz egiten digute. Hau da, duela ia urtebete agindu zutena eta ezertarako balio izan ez duena errepikatzen digute. Izan ere, duela urtebete lau plaza hutsik bazeuden, gaur egun bost dira. Kea saltzen digute, alegia. Are gutxiago lasaitzen gaitu oraingo deialdi honetan ere plazak betetzen ez badira uztailean beste LEP bat deituko dutela esateak; ezen horrek esan nahi du, abuztua tarteko, ia udazkenean ebatziko dela. Eta horretan ere zorterik ez badago? Ba, imajinatzen dugu beste deialdi bat egingo dutela, eta beste bat, eta... Tamalez, esperientziaz dakigu, Osakidetzako arduradunek ez digute inolako konfiantzarik sortzen. Hori guztia 5 plaza huts daudela eta lasarteoriatarren % 56ak medikurik ez duenean.

Gauzak horrela, eta opor garaia hurbil dugula (medikuek ere bai), ezin da inondik ere baztertu martxoaren 19ko bezalako egoera berriro errepikatzea (dagoeneko ez bada gertatu, guk jakin ez arren) eta mediku bakar bat egotea anbulategian. Edo, okerrago, batere medikurik ez gotea, zergatik ez?

Zentzu horretan, mingarria gertatzen zaigu, eta Osakidetzako arduradunen aldetik oso sentsibilitate eskasa erakusten du, esatea martxoaren 19an mediku bakarra egon zela "baina ordu gutxi batzuetan bakarrik". Zer esan nahi dute? Kexati hutsak garela eta eskertuta egon beharko ginatekeela beraien kudeaketa azkarragatik? Oso larria iruditzen zaigu. Edozein unean errepika daitekeen egoera da, gure guztion bizi-itxaropena, eta baita bizitza bera ere, jokoan jartzen duena.

Oso adierazgarria da Osakidetzako arduradunen gardentasun falta. Edo ez dute azalpenik ematen, edo hirugarren baten eskariz egiten dute soilik, baina inoiz ez diete modu zuzenean informatzen zor zaizkien herritarrei. Eta uste dugu horretarako eskubidea badugula. Are gehiago, beraiek izan beharko lirateke interesatuenak ziurgabetasuna areagotzen besterik egiten ez duten buloen zabalpena mozten. Ezen gogorarazi behar diegu ez dutela osasun pribatutik kobratzen. Oraindik.

Horregatik, Udalari eskatzen diogu anbulatorioko egoeraren jarraipen hurbila eta zorrotza egin dezala, gure osasun zentroko egoerari buruzko informazioa egunero eskatuz eta astero horren berri emanez herritarrei denok jakitun ahal izateko.

Gure aldetik, kalitatezko Osasun Publikoaren aldeko gure lanarekin jarraitzeko asmo irmoa berresten dugu berriro, eskura ditugun eremu guztietan mobilizatuz; osasuna giza-eskubide moduan ulertuta beti ere, eta ez merkantzia moduan. Horrek lobby sanitarioen interesen antipodetan kokatzen gaitu, zienentzat osasuna ez da errenta, errenta gaixotasuna da.

Horregatik, laster Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldi bat egiteko eskaera aurkeztuko dugula adierazi nahi dugu. Bertan, Lasarte-Oriaren egoera azaldu, eta legebiltzar taldeei pairatzen ari garen egoera epe laburrean arinduko duen Talka Plan bat eskatzeko; bakoitzak bere jarduera-eremutik eta kudeatzeko duen ahalmen mailatik, noski.

Bukatzeko, gogoratu nahi dugu LOOPA kolektiboa irekita dagoela Kalitatezko Osasun Publikoa defendatzen duten guztientzat. Pasibotasunak ez duela balio errepikatuko dugu berriro. Egoeraren larritasunak erreakzionatzea, irtenbideak bilatzea eta erantzutea eskatzen du, bizitza baitugu jokoan. Eta hori mobilizazio publikoetan parte hartuz egin daiteke, baina baita plataformaren beraren barne-dinamikan ere. Nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan helbide elektroniko honen bidez: lasarteoriaopa@gmail.com.