Ostegunean hasi ziren urtemugaren ospakizunak. Lehenengo ekitaldiak historiatik izan zuen monasterioaren inguruko mahai-ingurua antolatu baitzuten. Hiru hizlari aritu ziren berbetan; Jose Achon Deustuko Unibertsitateko Historia katedraduna, Santos Sarasola kristau humanista eta Felix Garitano pastoralista. Komentuaren sorreraz, garai hartako elizaren egoeraz, komunitate erlijiosoen beharraz edota Brigitarren eratzeaz aritu zirelarik, herritar ugari gerturatu zen, kaperara.
Jaiaren bigarren egunean, musika izan zuten ardatz. Azken finean, doinurik gabe ez baitago festarik. Oiaso Boskoteak euskal musika kontzertua eskaini zuen, ostiral arratsaldean, Ama Brigitarren Komentuan. Harizko boskoteak instrumentuak ederki jo zituen, doinu leunez eta goxoz zipriztindu zuten giroa. Hori ez ezik, bi emakumezko gazteren ahotsak ere melodia ederrak sortzeko bidelagun izan ziren. Egundoko beroa egiten zuen arren, aretoa leporaino bete zen. Horrenbestez, askotariko formak eta koloreko haizemaileak ikusteko aitzakia handia izan zen.
Eta hirugarren egunean, festa handia. Arestian esan bezala, komentuaren hiru mende eta erdi erdia ospatzeko, jaiak hiru egun iraun ditu. Egitaraua askotakoa izanda, azken eguna ospakizun handirako eskaini da. Larunbateko programa dianarekin batera hasi da; Hamaika Doinu Lasarte-Oriako Txistulari Taldeak herria musikarekin esnatu du. Ibilaldia komentuan amaitu dute. Bertan, dagoeneko herritar asko zen eguerdiko elizkizun bereziari begira. Meza hori aparteko izan da Elizbarrutiko gotzain Fernando Pradok gidatu duelako. Bestalde, elizgizon ugari izan da Felix Garitano kapilauarekin batera.
Ezohikotik ere izan du parte hartzaile asko izan dituelako, baita publiko "historikoa" ere. Sermoiarekin amaitzeko, Erketz EDTk agurra dantzatu eta interpretatu du. Koru lanetan, Alboka Abesbatza aritu da, eta organoa maisuki jo du Ana Belen Garcia donostiarrak. Horrez gain, Miguel de Oquendo almirantearen eta elizgizonaren oinordeetako bat ere bertaratu da Lasarte-Oriara. Gogoratu behar da Oquendok eman zuela komentua eraikitzeko agindua, behinola barkuarekin hondoratu eta salbatu izanagatik. Miraria Ama Birjiniari atxiki zion, haren irudia eramaten zuen-eta, bere barkuan. Hura omentzearren, kapera txiki bat sortu zuen. Gerora, bere etxebizitzaren ondoan, monasterioa jarri zuen.
Elizkizuna amaiturik, Erketz EDTak dantzarekin jarraitu du, komentu aurreko patioan. Zero Sette, Alboka eta txistulariek zein musikariek giroa musikatu dute. Gogotik aritu dira dantzan, eta poz-pozik ikusi dituzte artistak Ama Brigitarren mojek, lasarteoriatarrak eta azpeitiarrak. Ez da ahaztu behar gure herrian bezala, Azpeitian komunitate erlijioso bereko monasterioa eraiki zela, bere garaien. Jaiak gustu onez amaitzeko, luncha egin dute. Mokadu eta edari artean amaitu dira, beraz, komentuaren inguruan antolatutako festak.