Ama Brigitarren Komentuak 350 urte beteko ditu bihar, hilak 21. Horren harira, Felix Garitano kapilauak gidatutako elizkizun berezia egin dute, bezperan, hots, igande goizean. Meza girotzeko, hainbat kantu interpretatu dituzte Semblante Rociero abesbatzak eta Asier Ugarteburu Candela gitarjoleak. Abesti horiek Salve Rociera eta Paco de Luciaren Entre Dos Aguas izan dira, besteak beste. Musikariekin batera, Azkoitiatik etorritako mojak ere izan dira. Komentua leporaino bete delarik, hainbat herritarrek zutik entzun dute sermoia. Ospakizunarekin amaitu ostean, Semblante Andaluzeko kideek luntxa prestatu dute. Horretarako, eraikinaren sarreran ipini dira, eta gazta zein txorizo mokaduak banatu dituzte, bertaratutakoei ura eta ardoa edateko aukera eman dietelarik.
1675eko uztailaren 21ean inauguratu zen Ama Brigitarren Komentua, Miguel de Oquendoren eskutik. Oquendo almirantea eta itsasgizona egun komentu aurkitzen den lursailean bizi zen. Bere itsasontzietan, Ama Birjinaren marfilezko irudi bat eramaten zuen beti. Halako batean, gaiztotutako itsasoak bere barkua ondoratu zuen. Alabaina, bere tripulazioarekin batera salbatzea lortuta, uste zuen miraria birjinaren irudian zetzala. Hori omentzeko, kapera txiki bat sortu zuen, bere dorre etxearen ondoan. Hori ez ezik, irudiaren inguruan ikertzen hasi zen. Hura Santa Brigita zela konturatu eta Gasteizera joan zen; Valladoliden Brigitarrak izeneko mojen artean, euskaldun asko izanda, Araban komentu bat sortu baitzuten. Oquendok komentua eraikitzeko lursaila eman zien bere etxe ondoan, eta kongregazioko mojei eskaini. Horrela zutitu zen barroko estiloko eraikina, egun Euskal Herriko artearen ondareetako bat. Lehenengo komunitatea zazpi serorek osatu zuten. Kurioski, bi okendotarrak ziren, Maria Teresa eta Antonia Francisca, Miguel de Oquendo eta Teresa de San Millanen alabak, hain zuzen.
Brigitarrak moja aberatsak ziren. Familia garrantzitsuen alabak sartzen ziren moja. Euren familiek dotea ematen zuten, eta horri esker, Brigitarrak oso boteretsu egin ziren, jabetzaren aldetik. Horren erakusle da Azkoitian sortutako komentu berria. Dena den, izandako guden ondorioz, komentua txirotu egin zen, pixkanaka-pixkanaka. Izan ere, lapurreta mordoa izan ziren.
Zoritxarrari kasorik ez eginik, Brigitarrek jasotakoa bezain beste eman dute, azken mendeotan. Ezinbestekoak izan ziren, Lasarte-Oriaren eraketan. Gurea oraindik herria ez zenean, gurasoek eta elkarteek institutu bat sortzeko irmoki borrokatu zuten. Ikastetxea egikaritzeko lekua behar zutelakoan, mojek Goiegin zituzten lur batzuk dohaintzan eman zizkieten. Horrekin batera, 80ko hamarkadan Lasarte-Oria independizatzean, udaletxea komentuan bertan inauguratu zuten, baita herriko lehen plenoa bertan egin ere.
50 urte barrurako plana
Gizartea geroz eta ateoagoa da. Lasarte-Oria ez da salbuespena. Errealitate horren aurrean, komentuaren etorkizunak baliteke eraikinari bestelako funtzioa atxikitzea. Fededun eta mojen ezean, edifizioa herriaren ekintza soziokulturaletara bideratu nahi da, eraikuntza enpresen interesetatik at, 1964an emandako monasterio artistikoaren izaera gordetzeko.