Brigitarren komentuaren historiaz solastatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 19a, 10:09

Brigitarren komentuak 350. urte bete dituela ospatzeko zenbait jarduera deitu dituzte egunotarako. Ostegun arratsaldean aurrera eraman dute lehena; eraikin horren gaineko hitzaldia egin dute. Hiru hizlari aritu dira jendaurrean: Deustuko Unibertsitateko Historia katedradun Jose Anchon; kristau humanista den Santos Sarasola; eta, Felix Garitano kapilaua

Hainbat herritarren interesa piztu zuen Ama Brigitarren komentuaren urteurren ospakizunei hasiera emateko iragarritako lehen ekimenak, solasaldiak; komentuan bertan batu ziren entzuleak, hizlariek zer kontatuko entzuteko prest. Horiei guztiei ongietorria eman zien Felix Garitano kapilauak, eta berarekin batera hizlari aritu ziren beste bi kideak aurkeztuta ekin zioten saioari.

Santos Sarasolak hartu zuen hitza lehenik, eta brigitarren mugimenduaren eratzeaz hitz egin zuen, baita garai horretako elizaren egoeraz ere. 

Anchonen txanda izan zen gero, eta bera arduratu zen komentuaren sorreraren gaineko xehetasunak emateaz. Luze eta zabal hitz egin zuen gaiaz. Kontatu zuen, esaterako, aipatu komentua eraiki eta martxan jartzeko hitzarmena 1671. urtean adostu zela, eta lau urte geroago, hau da, 1675. urtean inauguratu zuela Miguel de Okendok (Miguel bigarrenak).  Horrekin batera, azaldu zuen haren hasierako asmoa ez zela komentuan brigitarren komunitate bat sortzea, bernardatarrena baizik, baina, azkenean, bere emazte Teresa San Millan-ek hala nahi eta eskatuta egin zuela brigitarren egoitza. 

Hirugarren eta azken hizlaria izan zen Garitano, eta Lasarte-Oriak komunitate erlijioso bat edukitzea zertarako behar duen azaldu zuen.  Horren harira, aipatu zuen, adibidez, uste duela Brigitarren komentua "erreferente" dela Lasarte-Orian, eta, brigitarrek "dimentsio erlijiosoa" eskaintzen dietela herritarrei. Horrekin guztiarekin batera, gogora ekarri zituen komentuaren gaineko zenbait kontu, besteak beste, euskara eskolak eman zituztela bertan, edota komentuaren elizan eratu zela, duela 39 urte, lehen udaletxea. 

Datozen hitzorduak

Gaur Oiaso Boskoteak euskal musikan oinarritutako kontzertua emango du: Ez dago gure artean pestarik, musikarik gabe. Sarrera doakoa dela jakinarazi dute antolatzaileek. 

Egun handia biharkoa izango da. 10:00etan, diana egingo dute herrian barrena Hamaika Doinu Lasarte-Oriako Txistularien Taldeko kideek. 11:00etan, ospakizun erlijiosoa hasiko da. Elizbarrutiko gotzain Fernando Pradok gidatuko du elizkizuna eta Alboka Abesbatzak, Donostiako Santa Maria Basilikako organista Ana Belen Garciak, Erketz EDTk eta Zero Sette Akordeoi Orkestrak parte hartuko dute.