"Hortzak erabiltzen ditugu irri egiteko, eta, beharrezkoa denean, estutu eta erakusteko". Esaldi horrek ederki laburbiltzen du pentsiodunen aldartea: animotsu daude borrokan jarraitzeko, baina haserre ere bai, urte hasieratik gogo betez landu duten Herri Ekimen Legegilea ez eztabaidatzeko erabakia hartu duelako Eusko Jaurlaritzak, ekimenaren aurkako "inolako zorroztasunik gabeko txosten politikoa" aurkeztuta. Horregatik, "engainatuta" sentitzen dira eta kaleak berrartu dituzte ikasturte berriari ekitearekin batera, pentsio baxuenak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea eskatzen jarraitzeko. "Erakundeak dio Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak bermatzen duela pentsiodunen babesa, baina ez du esan jasotzaile independente batentzat LGSren % 100 zen berme hori 2019an baliogabetu zutela, gastu sozialak murrizteko politiken barruan".
Horren ondorioz, ordainsari baxuenak dituzten emakumeek euren ezkontide edo izatezko bikoteen menpe egon behar dutenik ere ez dute esan, kolektibo horretako kideek salatu dutenez. "Pentsiodun bakoitzak bere bizikidetza harremanak kontuna izan gabe errenta nahikoa jasotzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, Eskubide Sozialen Europako Zutabeak, Europako Gutun Sozialaren 13. artikuluak edota Europako Parlamentuaren 2022ko uztailaren 13ko ebazpenak aitortzen duten bezala".
Salatu dute "soberan" dagoela Eusko Jaurlaritzaren "zerga politika bidegabea" eta adierazi dute ez dela dirurik falta Herri Ekimen Legegilea finantzatzeko. "Enpresa handien aldeko tratuak are aberatsago bilakatzen ditu aberatsak; pobreak, berriz, oraindik eta pobreago".
Mobilizazio gehiago
Lasarte-Oriatik abiatuta, Donostian eta Gasteizen ere mobilizatuko dira herriko pentsiodunak. Aurreneko ekintza larunbat honetan aurrera eramango du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Gipuzkoako hiriburuan ez ezik, Arabakoan eta Bizkaikoan ere antolatu ditu agerraldiak. Hauek dira deialdiak:
Donostia | Larunbata, hilak 20, 12:00etan | Boulevard-etik abiatuta |
Gasteiz | Larunbata, hilak 20, 12:00etan | Artium museotik abiatuta |
Bilbo | Larunbata, hilak 20, 18:00etan | Jesusen Bihotzatik abiatuta |
Bost egun geroago egingo dute manifestazio nazionala, Gasteizen, 10:30etik aurrera; Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko dira milaka pentsiodun. Lasarte-Oriako eragileko kideek jakinarazi dute, maiatzean bezala, autobus zerbitzua emango dutela eta bihar jarriko dituztela salgai txartelak, 10 euroren truke Ilargi eta Tiburtzio Artizar tabernetan.
Xumela koruko lagunak Okendora bertaratu direla baliatuta, ekintza bukatzeko Mikel Laboaren Txoria txori abestu dute.