Gutxieneko pentsio ordainsariak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) % 100era arte osatzeko Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuen EHPMk duela zenbait hilabete, babes zabalarekin: 145.000 sinadura baino gehiago; ehunka erakunde sozial, feminista eta sindikal; eta gizarteko 300 bat pertsona garrantzitsu. Gogotik lan egin eta proposamenarekin itxaropentsu egonagatik, Eusko Jaurlaritzaren partetik ez dute esperotako erantzuna jaso, jakin berri dutelako erakunde horrek HEL izapidetzearen aurkako txostena egin duela. "Bi aldiz engainatuta sentitzen gara. Lehenik eta behin, txosten juridikoa izatetik urrun, aurkeztu digutena inolako zorroztasunik eta daturik gabeko dokumentu politikoa delako. Bigarrenik, ekimen hori bertan behera utzi nahi dutelako, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko eskubidea ukatuta. Agerikoa dirudi EAJk eta PSE-EEk herritarren parte hartzearen aurkako bidegabekeria hori ahalik eta azkarren burutzea erabaki dutela".
Hori horrela izanik, pentsiodunek jakinarazi dute ez direla geldi geratuko eta "duela zazpi urte baino gehiagotik" egiten ari diren mobilizazioei berrekingo dietela, herriz herri nahiz hiriburuz hiriburu. Lasarte-Oriako taldeak, esaterako, hilaren 15ean kontzentrazioa egingo du Okendo plazan. Bestalde, EHPMko kideek lau manifestazio deitu dituzte hilabete honetarako. Hilaren 20an hiru egingo dituzte, EAEko hiru hiriburuetako bakoitzean bana: Bilbokoa 18:00etan hasiko da, Bihotz Sakratutik; Donostiakoa, Boulevard-etik, 12:00etan; eta Gasteizkoa, Artium museo ataritik, 12:00etan. Bost egun geroago berriz elkartuko dira Gasteizen, Bilboko plazan zehazki, 11:00etan.
Jaurlaritzak "esan ez dituenak"
HELaren aurkako txostena egitearekin batera Eusko Jaurlaritzak emandako argudioak kritikatu dituzte pentsiodunek. "Erakundeak dio Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak bermatzne duela pentsioduenn babesa, baina ez du esan jasotzaile independente batentzat LGSren % 100 zen berme hori 2019an baliogabetu zutela, gastu sozialak murrizteko politiken barruan". Horren ondorioz, ordainsari baxuenak dituzten emakumeek euren ezkontide edo izatezko bikoteen menpe egon behar dutenik ere ez dute esan, kolektibo horretako kideek salatu dutenez. "Pentsiodun bakoitzak bere bizikidetza harremanak kontuna izan gabe errenta nahikoa jasotzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, Eskubide Sozialen Europako Zutabeak, Europako Gutun Sozialaren 13. artikuluak edota Europako Parlamentuaren 2022ko uztailaren 13ko ebazpenak aitortzen duten bezala".
Pentsiodunek adierazi dutenez, kontua ez da soilik "pobrezia eta gizarte bazterketa" saihestea, baizik eta beraiei "behar adinako diru sarrerak" bermatzea, "oinarrizko gastuei" aurre egin ahal izateko. "Eusko Jaurlaritzak dio pentsioak osatzea Espainiar Estatuari dagokiola baina horrek esan nahi du Autonomia Estatutuan aurreikusitako eskumen baten utzikeria nabarmena dela, hau da, pentsioak osatzeko euskal sistema osatzearena". Halaber, deitoratu dute "onartezina" dela pentsiodun prekarioentzat baliabide ekonomikorik ez dagoela esatea, "enpresa handiei itzuli behar ez dituzten ehunka milioi euro ematen dizkieten bitartean".