Gasteizeko mobilizazioarekin bat egin dute herriko pentsiodunek

Maddi Zaldua 2025ko mai. 16a, 13:40

145.142 sinadura erregistratu ditu EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean. Tramite horren bitartez gutxieneko pentsioa Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea galdegin dute. EAEko hiru lurraldetako pentsiodunak batu dira Gasteizen (Nafarroako ordezkaritza bat ere izan da bertan), horien artean, lasarteoriatarrak ere bai. Azken horiekin egin du Gasteizerako bidaia TXINTXARRI aldizkariak ere

Goizeko 08:30ean egin zuten hitzordua Lasarte-Oriako pentsiodunen taldeko kideek Tajamar-en; dozena bat lagun agertu ziren Gasteizera joateko prest. TXINTXARRI aldizkariko bi kazetarik ere, deialdiaren berri ematera joatea erabakita, horiekin bat egin dute, eta denek elkarrekin egin zuten Atsobakarreko errontodara arteko bidea; bertan itxaron zuten Donostiatik zetorren autobusa. Hori iritsi aurretik, haurrak eskolara sartzeko orduarekin bat eginik, igaro ziren ikastetxeetarako autobus bat baino gehiago, eta herriko pentsionista taldeko lagun bat, eguna umorez hasi asmoz, hasi zen kideei adarra jotzen: "Ez ote gara ikastetxera doan autobusen batean sartuko. Imajinatzen duzue?". Barrez hartu zuten kideek txantxa. Egoera imajinatzen hasi ziren, elkarrizketan. 

08:45ean agertu zen Gasteizera eramango zituen autobusa. Gipuzkoa 3 deitu diote antolatzaileek (orotara zazpi joan ziren lurraldetik). Esan bezala, Donostiatik abiatu zen hori, eta hiriburuko 42 pentsionista zekartzan barruan; horiek agurtu, eta euren lekua hartu zuten lasarteoriatarrek. Goizeko lehen orduak izanagatik, donostiarrak, lasarteoriatarrak bezala, umoretsu agertu ziren. Horien taldeko bozeramaile Karlos Etxeberriak mikrofonoa eskuan hartu, eta autobusera igo berriei ongi etorria eman zien. Herria atzean utzi, eta Goierrira bidea hartu zuen gidariak gero. Beasainen egin zuen azken geldialdia; bertan batu ziren beste hamalau lagun, pentsionista. Horiei ere ongietorria eman, eta Etxeberriak mikroa hartu zuen berriz. Gasteizera iritsi aurretik jakin beharreko ohar guztiak eman zizkien autobusean bildutakoei. 

Mokadutxoa eta mobilizazioa

Konturatzerako Gasteizera heldu zen Gipuzkoa 3 autobusa, eta berarekin batera gainerako guztiak ere (Gipuzkoakoak eta beste lurraldetakoak). Bilbao plaza inguruan egin zuen geldialdia, eta bidaiariak bertan utzi.  Mobilizazioari ekin aurretik, mokadutxo bat jateko tartea izan zuten plaza inguruan bildutako pentsiodunek, eta indarrak hartuta manifestazioa antolatzen hasi ziren. 

Txistulariak aurrena, eta horien atzetik, berriz, zenbat sinadura bildu dituzten agertzen zuten hiru afixak erakutsi zituzten zenbait kidek. Horiei jarraiki, traktore handi bat agertu zen eta horrek ere izan zuen bere zeregina: sinadura kutxa guztiak atoian zamatuta eramatea. 

EHPMren pankarta handia gero. Hiru lurraldeetako pentsionista ordezkariek eutsi zuten ibilbide guztian zehar, horien artea, Shole Agirre herritarrak. Horren atzetik etorri ziren Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako pentsionista, hurrenez hurren; lurraldeka antolatuta hartu zuten etorbidea. Jende uholdearen amaieran, ordea, zenbait erakunde sindikal eta sozialetako kideak joan ziren. 

Sinadurak Eusko Legebiltzarrera

Bilbao Plazatik abiatu zen mobilizazioa, eta Frantzia, Bakea, Postas kaleak igarota iritsi zen Ama Zuriaren plazara. Bertatik Katedral Berrirako bidea hartu, eta bertan amaitu zen ibilbidea. Hasi eta buka, aldarrikapenak ozen egin zituzten manifestazioan bildutakoek. Mobilizazioa amaierara iristerako, ordea, EHPMko zenbait kidek sinadura guztiak Eusko Legebiltzarrean entregatu zituzten. 145.142 firma lortu dituzte guztira, eta horiek erregistratzearekin batera, horiek lortzeko kanpainak izan duen gastua ere erregistratu zuten; 25.000 eurokoa izan da. Horrez gain, prentsaurrekoa ere eman zuten, bertan bildutako medioei egindakoaren berri emateko. 

Zeregin hori amaitu bitartean, Katedral Berrian pilatu zen mobilizazioan parte hartu zuen jende olatua. Hor itxaron zituzten parlamentura joandako kideak, eta horiek lanak amaitutakoan agertu ziren, bertara. Ordezkari batzuk mikrofono aurrean jarri, eta adierazpen batzuk egin zituzten ekimenari amaiera eman aurretik. 

Deialdiak "babes historiko eta ikusgarria" izan duela nabarmendu zuen EHPMko hizlariak. Gogorarazi zuen Herri Ekimen Legegilearen alde lau hilabetez aritu direla sinadura biltzen. Horren bitartez eskatu dute pentsioak gutxienez Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko; horrek esan nahi du gutxieneko pentsio hori 1.184 eurora igotzea. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote kopuru horretara iristeko osagarria. 

Lasarteoriatarrak, jarraitzeko asmoz

Proposamena tramitera onartu eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua izatea espero du EHPMak. Orain, hamabost eguneko epea izango du jaurlaritzak eskariaren gaineko txostena osatu, eta. ostean, gaia Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko onartu edo ez bozkatu beharko dute osoko bilkuran. EHPMak ez du ezezkorik espero. 

Gasteizeko epaitegi atarian hartu zuten Gipuzkoa 3 gisa izendatutako autobusa Donostia, Lasarte-Oria eta Beasaingo pentsionistek etxera itzultzeko; goizak emandakoarekin (eta lortutakoarekin) asetuta suma zitezkeen denak ala denak, egindakoarekin gustura. 

13:00etan ahrtu zuten etxera itzultzeko autobusa Lasarte-Oriakoek, donostiarrek eta beasaindarrek. Herritarrek, gainera, etxera heldu aurretik adierazpen batzuk egin zituzten; aurrerantzean urratu asmo duten bideaz mintzatu ziren. Esan zuten, adibidez, Gasteizen aurrera eramandako mobilizazioak "Sekulako indarra eta ilusioa" eragin diela. Horrez gain, nabarmendu zuten herrian mugimenduarekin jarraitu asmo dutela, eta gaineratu, lanketa eta aldarrikapenekin aurrera egiteko, gutxienez hilabetea behin elkartuko direla. 

Erlazionatuak

Lasarte-Oriako pentsiodunen adierazpenak

Txintxarri Aldizkaria mai 16, 12:55 Politika