Lasarte-Oriako pentsiodunek agerraldia egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 10a, 11:02

Okendo plazan elkartu dira, eta gaur-gaurkoz urratutako bidearen berri eman diete herritarrei. Aldarrikapenari giro alaia eman dio Xumela koruak; hiru abesti kantatu ditu

Udako oporraldia hasi eta ikasturte berriari ekin aurretik, agerraldia egin dute Lasarte-Oriako pentsiodunek. Okendo plazan batu dira, eta momentuko egoeraren errepasoa egin dute. Horren aurretik, ordea, Ikusi mendizaleak abestia kantatu dute bertan bildutakoek, Xumela koruko kideak tarteko. 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 15ean Gasteizen aurrera eramandako mobilizazioa ekarri dute gogora. 145.142 sinadura erregistratu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Parlamentuan, eta horri dagokionez, nabarmendu dute gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren % 100era arte osatuko dituen Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa hori "arrakastatsua" izan dela. Gaineratu dute orduko mobilizazio hura "aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala" izan zela. Ekimen hori posible egin zutenak gogoan izan dituzte: "Gaur hemen zaudeten eta herriz herri aritu diren EHPMko pertsona askoz gehiagoren lanari esker". Hala, Herri Ekimen Legegilearen aldeko bozka eman duten guztiak zoriondu dituzte. 

Helburua lortzeke

Pentsiodunek ohartarazi dute eurek egin beharrekoa egin dutela, baina oraindik ez dutela helburua lortu; "Orain EAEko Legebiltzarrari dagokio Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzea bertako osoko bilkuran eztabaidatu eta bozka dadin. Ez dago beste aukerarik, ezta hori eragozten duen inolako arrazoirik, ez eskumen alorrekorik, ez ekonomikorik". 

Gauak horrela, EAEko gobernuari eta parlamentuari eskatu diete "kontsekuenteak" izateko, euskal gizarte "justu eta bidezkoa eraikitzea, genero ekitatean eta aberastasunaren banaketa bidezkoan oinarrituta". 

Agerraldia amaitu aurretik gogorarazi dute 2018an euren mobilizazio masiboei esker pentsioen errebalorizazioa KPIaren arabera eguneratzea lortu zutela, eta aurten gutxieneko pentsioa eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskuratuko dutela.

Hasi bezala, kantuan amaitu dute deialdia. Anje Duhalderen Autodetermitzen eta Pirritx, Porrotx eta Maromototsen Epoi itai tai ye abestu dituzte; azken hori dantzatu ere bai. 

Irailean berrekingo die herriko pentsiodunek ikasturte berriko lanei.