Adimen Artifizial sortzailea eta TXINTXARRI: erabilera protokoloa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 13a, 09:24

Erritmo ezin biziagoan eraldatzen ari da gizartea, egunero-egunero. Gero eta zeresan handiagoa ematen ari den Adimen Artifizialaren (AA) bueltako teknologia da horren adibide garbi bat. Berrikuntza eta garapenerako eragilea da, baina, onura eta abantailak izanagatik, arriskutsua ere izan daiteke esparru askotan, baita komunikazioan eta kazetaritzan ere: besteak beste, munduan gero eta gehiagotan ikusten ari garenez, bide ematen du informazio faltsuaren (bolo-bolo dabiltzan fake news delakoak) itxura duten edukiak masiboki sortu eta hedatzeko. Are gehiago,  urte askotako ibilbidea eta ongi irabazitako fidagarritasuna duen komunikabide batek publikatu balitz bezala zabaltzea posible da eta erraza da. Horren aurrean, erabilera protokoloa garatu du TXINTXARRI-ko lantaldeak.

Sarrera

Euskara eta gertutasuna dira hiru hamarkada hauetan TXINTXARRI bereizi eta Lasarte-Orian erreferente bilakatu dituzten balore nabarmenenak. Adimen Artifizial sortzailea gauza oso konkretu batzuetarako erabiltzea baztertzen ez badu ere, ez du inola ere erabiliko aipatutako ezaugarri horien kaltetan.

Balore horiek sustatzen jarraitzeko ezinbestekoa deritzo lantaldeak giza sormena lehenesten jarraitzeari eta garbi du ez duela bultzatuko hori Adimen Artifizialaren barruko tresnen bidez gutxitzea edota ordezkatzea. 

Balio orokor horiez gain, herri komunikabidearen ildo editorialaren aurka doan ezertarako ere ez du Adimen Artifiziala erabiliko.

Hori guztia esanda, TXINTXARRI-k ez du baztertzen zeregin jakin batzuetarako (itzulpen automatikoak, elkarrizketen transkripzioa, diseinu oso konkreturen bat…) erabiltzen ikasi eta praktikan jartzea, betiere aurreko guztia lehenetsita eta langile bakar baten lana ordezkatu nahi izan gabe. 

Adimen Artifiziala inoiz erabiltzekotan, datu babesaren legea eta tresna horiekiko Europan indarrean dagoen legedia ez ditu urratuko.

Aukerak eta arriskuak ditu Adimen Artifizialak eta alor bat zein bestean sakondu eta janzteko formakuntza sustatuko du hedabideak; erredakzioko langileek ikastaro eta bestelakoak aurrera eramango dituzte helburu horren mesedetan.

Oinarri deontologikoak

TXINTXARRI aldizkariak guztiz bat egiten du Hekimen osatzen duten tokiko hedabideen kode deontologikoarekin, eta, beraz, Adimen Artifiziala ez du erabiliko horien aurka egin edo irizpideak urratzeko. 

Adimen Artifiziala: zertarako erabili

Adimen Artifiziala erabiltzea erabakitzen badu lantaldeak, erredakzioa osatzen duten kide guztiek eman beharko dute oniritzia lehenago, gaia jorratzen den talde bileran. Horrez gain, Ttakun Kultur Elkarteko zuzendaritzari emango diote erabaki horren berri, eta, kidetakoren batek ekarpenik balu, arretaz entzun eta baloratuko dute TXINTXARRI-ko beharginek.

Kasu hauetan erabili ahalko du Adimen Artifiziala TXINTXARRI-k:

  • Beste modu batzuen bidez egokiro euskaratu ezin dituen terminoak hizkuntza horretara ekartzeko. Argitaratu aurretik, edonola ere, taldean egingo dute kontsulta, iritziak bildu eta publikatu ala ez erabakitzeko. Horren ardura, nola ez, erredakzio arduradunak izango du.

 

  • Irudiak tratatzeko programetan, baina kasu zehatz batzuetan soilik. Photoshop eta Lightroom Classic programak erabiltzen dituzte TXINTXARRI-ko langileek irudiak tratatzeko. Adobe-ren parte diren bi aplikazio horietan txertatu dituzte jada AAren bidez argazkiak hobetzeko tresnak. TXINTXARRI-k kasu zehatz batzuetan soilik baliatuko ditu: argazkien araztasuna hobetzeko (argi eskaseko tokiren batean atera dituen irudiekin, kasurako), kameren gorputz eta objektiboetan pilatutako zikinkeriak eratutako orbanak ezabatzeko, argazkiaren konposizioa kaltetzen duten objektu edo pertsonak kentzeko, anonimotasuna mantendu nahi duen lekukoren baten aurpegia itxuraldatzeko edota adingabeen aurpegiak ezagutuak izateko moduan ez argitaratzeko, baldin eta beraien legezko tutoreek aurrez eskatzen badute.

 

TXINTXARRI-ko lantaldeak formakuntza ikastaroak egiteko asmoa du AAren bueltan, eta, kurtso horietakoren bat balitz tresna horiekin egin daitezkeen gauzak probatu eta ezagutzeko, erredakzioan egingo dituzte frogak, baina ez dute ezertxo ere argitaratuko aurrez aipatutako irizpide eta jarraibideak betetzen ez badituzte. Barne erabilera horiek horrelakoxeak izango dira, barrukoak, kazetari eta diseinatzaileek euren buruak trebatzeko saiakera gisa ulertzen direnak.

Era berean, eguneroko karga astuna arintzeko balio dezaketen erabilera zehatz eta puntualak txertatzea baloratuko du, betiere inoren lana ordezkatu gabe. Gehienez ere, zama arintzea izango da xedea.

Adimen Artifiziala: zertarako ez erabili

 

  • Erredakzioko edo lantaldeko kide ez den inoren lana ordezkatzeko. TXINTXARRI-ko kideek ezingo dute Adimen Artifiziala erabili testuak, irudiak, audio piezak eta bestelako euskarrietako edukiak ezerezetik sortu eta argitaratzeko, ez inoren lanaren kaltetan edo erredakzioko beharginen baten alferkeria edo utzikeriaren mesedetan. 

 

 

  • TXINTXARRI-ren ildo editorialarekin bat ez datozen mezuak zabaltzeko. Horiek barnebiltzen ditu, esate baterako, edozein arraza, sexu orientazio, jatorri edota erlijio duten kolektiboen aurkako gorroto diskurtsoak, faxismoaren aldeko aldarriak, pertsonen ohore eta intimitate eskubideen aurkako mezu eta materialak, genero berdintasunaren kontrako aldarriak edota LGTBI kolektiboko kideen aurkako aldarriak. 

 

TXINTXARRI-ko lantaldeak kontrastatu egingo du beti argitaratzera doana eta egiaztatuko du informazio iturriak egiazkoak eta hezur-haragizkoak izan direla. Herritarren batek eskatuko balio, gordeta eta berehala emateko moduan izango du informazioaren jatorriari buruzko informazioa, hori bai, salbuespen batekin: kazetariari eskatu badio anonimotasuna mantentzeko bere iturriak.

Errealak ez diren edukiak sortu eta zabaltzeko. Adimen Artifizialak, erabiltzekotan, erredaktoreen lana osatu behar du eta langileen jarduna beti izango da erreala eta egiazkoa, inoiz ez asmatua.