Iritsi da Zabaletako festetako egun handia, Teresa Sorgiña Teresategi menditik auzora jaitsi eta jai girora batzen denekoa. Urtero lez, harrera beroa egin diote eta plazako toki onenean jarri, igande iluntzera arte behean gertatuko den guztia ikus dezan. Orain arte begiztatu duena hau izan da: Porrotx eta Marimotots pailazoen pregoia, kantu eta dantzak; Ttakun Kultur Elkartearen egitasmo Gazte Klubeko gaztetxoek sudurgorriei egin dieten oparia, Sara Etxeberria 'Basoko Maxuxta' ilustratzaileak egindako murala; Jalgune elkarteko lagunen dantzaldiak eta Sorgin Dantza herrikoia. Gaurko errepertorioan sartu ez badute ere, 'Xalala! Riki! Riki!' kanta zezaketen ederki asko, euria hasi baitu goian-behean. Jai horien ezaugarri ere bada hori, euririk gabe ez baitago Zabaletako festarik.